Arrakasta osoz ospatuko ditu aurtengo udalekuak Berako Manttale taldeak

Aitor Errazkin 2026ko ekainaren 3a

Izen emateak ireki eta ordu t´erdira agortu ziren plaza guztiak. Hori ikusita, Manttale mendi taldeak abuztura zabaldu zuten eskaintza eta horiek ere segidan bete zituzten Berako eta Bortzirietako haurrek. Horrela bada, 2013 eta 2018 urteen artean jaiotako 119k eginen dute bat taldeak antolatutako udalekuetan, eta hamabi begirale izanen dira eguneroko saioak gidatzen, haurren artean kirola sustatzeko helburuarekin. 

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak urteak daramatza Beran eta Bortzirietan kirola sustatzen. Mendiko kirolak dira gehien lantzen dituenak eta horrela, mendi lasterketa probak antolatzen aditua bilakatu da dagoeneko. Azken urteetan ohikoa izan da udan haurrentzat zuzendutako kirol udalekuak antolatzea, eta urtetik urtera, gehiago dira beraiekin bat egitera animatzen diren haur eta familiak. Aurtengo arrakasta ordea, ez zuen inoiz ezagutua Manttalek. Izen emateak ireki eta ordu t´erdira agortu baitziren plaza guztiak. Hori ikusita, taldeak udalekuak abuztura ere luzatzea erabaki zuen eta horiek ere denbora gutxian bete ziren. Horrela bada, aurtengo udalekuetan, 119 haur izanen dituzte saioetan egunero-egunero. 

Kirola sustatzea da Manttale Mendi Lasterketa Taldearen helburua sortu zenetik. Naturarekin bat egiten dute eta mendiko kirolak dira, gehien bat, eskaintzen dituztenak, mendian lasterka aritzekoak. Zenbait proba ere antolatzen dituzte urtean zehar, horietako hainbatek dagoeneko izena dutenak, Berako mendi maratoi erdia kasu. Horrez gain, ikasturtean zehar, gazte eta haurrekin lanean aritzen dira, herriko eta eskualdeko txikienen artean ere kirola zabaldu eta bultzatzeko. 

Azken ideia horri lotuta, azken urteetan udan ere lan horrekin segitu dute eta udalekuak antolatu dituzte uztailean. Janire Etxegarai ekintzaren begiraleetako batek azaldu duenez, “udaleku irekiak dira eta haurren artea kirola sustatzea da bilatzen dutenak”. Manttaleren nahia baita, haurrek “kirola aisialdi bezala ulertzea eta kirolaren bitartez, zenbait balore transmititzea”. Gainera, “kirolak eskatzen duen inplikazioa, diziplina eta gorputzaren zainketa” erakusten diete udalekuetan, hori guztia garrantzitsua baita, bertze arloetan ere aplikatzen ahal dituzten ideiak baitira. 

Aurten arrakasta berezia izan dute udalekuek. Hasiera batean, urtero bezala, uztailaren 6tik 31ra bitarte eskaini zituzten, 2013 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduak. Etxegaraik onartu duenez, “sorpresa ederra” hartu zuen Manttalek “ordu t´erdian plaza guztiak agortu” zirenean. Antolakuntza taldeak egoera aztertuta, abuztura zabaltzea erabaki zuten eta plaza horiek ere denbora gutxian bukatu zirela azaldu du beratarrak. Guztira, 119 izanen dira udalekuetan bat eginen duten haurrak eta hori izan da taldeak ezarri duen muga ere: “Kudeaketa errazteko, hori da jarri dugun muga. Euria eginez gero, espazio estali gutxi daude herrian eta ez dugu espazio nahikorik kirola egiteko. Guk zabaldu nahiko genuke, baina haurren segurtasuna bermatu behar dugu”. 

Saio horietan parte hartuko duten haurrak behar bezala artatzeko, hamabi begirale ariko dira uda guztian zehar lanean. Janire Etxegaraik azpimarratu duenez, begirale hauek aukeratzeko orduan ere zenbait baldintza hartzen dituzte kontutan, tartean haurrentzat erreferente egoki bat izatea: “Beti bilatzen dugu gazteak izatea eta haurrekin ongi moldatzea. Kirol munduan ibiliak edo ibiltzen direnak izatea ere baloratzen dugu eta gero, neska eta mutilen arteko oreka ere bilatzen dugu. Haurrek ikusi behar dute neska edo mutilek berdin egiten dugula kirola eta, alde horretatik, haurrentzat erreferenteak sortzea da helburua”. 

Begiraleetan ez ezik, apuntatzen diren haurren artean ere bada sexuen arteko oreka. “Hasieratik beti apuntatu izan dira neska eta mutilak. Normalean mutil gehiago, baina azken urteetan nahiko orekatua dago”, adierazi du Etxegaraik. Balorazioa positiboa egin dute dagoeneko udalekuen antolaketaren inguruan, edizio guztietan jasotzen baitituzte haurren eta familiak iruzkin onak: “Haurrek ongi pasatzen dute eta gurasoek ere erraten digute disfrutatzen dutela”. Aurtengoetarako plaza guztiak beteak dauden arren, edozein zalantza izanez gero, eurekin harremanetan jartzera animatu ditu guztiak Janire Etxegaraik, Manttaleren webgunearen bitartez.