Besta giroan murgildurik daude azken egunotan beratarrak. Abuztuaren 2tik 6ra ospatzen dituzte herriko jaiak eta dagoeneko, bi egunez, ekitaldi andana bat izan dituzte adin guztietako bizilagunek. Udaletxeak hauspotuta, besta batzordeak erabakitzen du urtero zein izanen den egun hauetako programa. Herriko eragile eta norbanako desberdinek osatzen dute batzordea, baita txosna batzordeak ere. Arratsak musikaz girotuko dituzten taldeak zeintzuk izanen diren erabakitzen laguntzen du azken honek bilkura horietan eta horrez gain, bere egitarau propioa ere osatzen du, gazte eta ez hain gazteei, besta eredu herrikoi eta alternatibo bat eskaintzeko helburu garbiarekin.
Txosna batzordeak udaletxe, besta batzorde eta bertze elkarteekin duen harreman hau “pixka bat nahasgarria” izan daitekeela aitortu du Ekhiñe Zapiain txosna batzordeko kideak. Txosnagunea zelai gorrian kokatzen da azken urteetan eta bertan ospatzen diren ekitaldiak, hein handi batean, txosna batzordeak antolatzen ditu. Hala ere, eremu berean, besta batzordeak programatutako kontzertuak ere egiten dira eta beraz, bi egitarau horiek bat egiten dute anitzetan. Ez soilik espazioan, baizik eta antolatzeko garaian. Zapiainek azaldu duenez, “kontzertuak eta musika lortzeko, lankidetza egiten dugu txosna eta besta batzordeek, baina txosnakoak bere egitarau propioa ere osatzen du”. Izan ere, azken honek balore eta besta eredu jakin batzuk aldarrikatzeko aprobetxatzen ditu herriko bestak, txosnagunea “eraldatzailea” izan daitekeela sinisten dutelako bertako kideek.
Hiru eragilek osatzen dute txosna batzordea: Espidobaita elkarteak, Goldatz talde feministak eta Barraskilo gazte taldeak. Hiru eragile hauek “urte osoan zehar egiten dute lan herrian”, Zapiainek erran duenez. “Espidoibaita ezker abertzaleko elkartea da. Barraskilo taldeak berriz, gazteak animatzen ditu herrian gauzak egitera, eta Goldatz talde feministak feminismotik hurbilago egoteko lanketa egiten du. Hiruak ere izaera kritiko batekin eta modu komunitarioan egiten dute lan, beti dagoelako zer aldatu eta zer eraldatu”, gaineratu du. Txosna batzordearen helburua beraz, besta herrikoi eta alternatiboak sortzea da: “Ez dugu ulertzen besta alkohola bakarrik denik edo gauza zehatz bat. Egitarau zabal bat nahi dugu, denontzat. Ez da erraza, baina horretan saiatzen gara. Poliki-poliki joanen gara ikusten zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta ikasten joanen gara”.
Berrikuntzak izan ditu eta izanen ditu aurtengo txosna batzordearen egitarauak, lehena protokolo feminista. “Aurten ez dugu puntu morerik eta txosnara jo beharko da orain erasorik ikusiz edo izanez gero. Ostatuetako protokoloa ere hona bideratua dago. Horretarako, txanda moreak antolatu ditugu txosnan”, azpimarratu du kideak. Momentuz txosnagunean “intentsitate altuko erasorik ez” dela jaso ere onartu du Zapiainek, nahiz eta “oraindik goiz den horrelako balorazioak egiteko”. Hala ere, “besta eremua gizartearen isla” badela ere aitortu du beratarrak eta alde horretatik, txosnaguneak “balore batzuk” aldarrikatu nahi ditu, sinetsita baitaude eremu horrek “eraldaketarako” balio duela.
Txosnagunea irekia eta bizirik mantentzeko ordea, jendearen borondatea behar da eta, alde horretatik, pozik daude herriko gazteen erantzunarekin: “Herritarren artean moldatzen gara txandak egiteko. Abuztuaren 2an, lesakarren laguntza jasotzen dugu, beratarrok besta egin ahal izateko. Guk Sanferminetan txanda egiten dugu eta gero, beraiek etortzen dira. Bertzela, herritarrekin moldatzen gara. Ez da txosnagune handia eta lau laguneko txandekin aski dugu. Gazteak animatzen dira gainera, txandak egitera”. Txandak bai, baina antolakuntzarako jendea faltan sumatzen dutela adierazi du Zapiainek: “Antolaketa lanetara jendea animatzea falta da. Hiru elkarteetako jendea gaude, baina herrietan gertatzen den bezala, beti pertsona berak izaten gara eta batzuetan, nekagarria da. Jende gehiago behar dugu antolakuntzan laguntzeko”.
Guti izanda ere, egitarau betea osatzea lortu dute aurtengoan ere txosna batzordeko kideek. Abuztuaren 2an egin zuten txosnagunearen irekiera ofiziala, nahiz eta ekitaldiak bezperan hasi: “Larunbatean hasi zen dena. Txosnagunea ez zen ofizialki irekia, baina Gau Krosa zegoen Beran eta jendea bildu zen. Herriko DJ Perry-k jarri zuen arrats hartan musika. Biharamunean berriz, gosaria egin genuen azken urteetan bezala eta gero, 19:00etan, txosnagunearen irekiera ofiziala egin genuen. Azken urteetan, herriari ekarpena egiten dion elkarte bat omentzen dugu momentu horretan eta, lehen aipatu ditugun balioen baitan, Mukixu haur eskola omentzea erabaki genuen. Modu antolatuan ari dira hauek borroka bat aitzinera eramaten, lan baldintza eta haurtzaro duinaren alde. Horrez gain, garai batean Kaxerna gaztetxearen ohitura bat berreskuratu dugu, Gaztexbetan pertsonaiaren igoera, eta kantu bat ere sortu genion. Bukatzeko, Akerbeltz erromeria izan genuen. Atzo, San Esteban eguna zen eta familiaren egoteko momentua izaten da, baita dantzarien eguna ere. Arratsean, DJ Bull zegoen eta giro lasaia izan genuen”.
Ekitaldiz eta berrikuntzez betetako hiru egun dituzte oraindik aitzinetik beratarrek. Eguerdian, bermut berritsua izan dute, herriko bakarrizketalari batek girotua. Bihar berriz, bertze berrikuntza bat izanen dute txosnagunean: “Gai zehatz bati zabalpena eman nahi genion. Bera geroz eta herri handiagoa dela ikusirik, landa eremuko eta herriko banaketa ematen ari dela ikusi dugu. Baserri eremua herritik aldentzen ari da eta, aldi berean, badira herriko gazte batzuk lehen sektorearen aldeko apustua egin dutenak. Horrela, distantzia murrizteko, elkarrekin solasaldi bat eginen dugu. Maialen Txantre nekazaria eta Harri Maritorena abeltzaina etorriko dira solasaldi bat ematera. Ondotik, pintxo dastaketa eginen dugu Baztan, Bertizarana eta Bortzirietako Xardango elkarteko produktuekin”. Bukatzeko, abuztuaren 6an, bertsolaritza hurbilduko diete herritarrei, Nerea Ibarzabalek eta Ekhiñe Zapiainek berak egindako bertso afari-merienda musikatuarekin. “Lizar eta Julia izanen dira musikariak eta Ixiar Elorza gai-jartzailea”, jakinarazi du bertsolariak. 20:00-20:30ak aldera hasiko da ekitaldia eta afari-meriendarako izena eman behar bazen ere, bertso saioa irekia dela oroitarazi du Zapiainek. Azken guda dantzarekin borobilduko dute aurtengo Berako bestetako txosnaguneko egitaraua, besta eredu herrikoi eta alternatiboaren alde egindako aurtengo lanari bukaera ematen dioten bitartean.