Berako bestak 2026

Aitor Elexpuru: «Momentuz balorazioa ona da, orokorrean. Ez dut orain artean erasoen berririk eduki eta besta parte-hartzaileak izaten ari dira»

Paola Oskoz 2026ko abuztuaren 4a

Berako alkate izateak herriko bestetako zenbait ekitalditan egon beharra eskatzen dio Aitor Elexpururi, instituzionalagoak diren horietan batez ere. Hala ere, gustuz egiten duen lana da, Iruñean bezala, Beran ere “momentikoak” izaten dituztelako abuztuaren 2tik 6ra. Besta eta txosna batzordeek antolatutako egitarauak interesgarriak direla iritzi dio Elexpuruk eta horietaz gozatzen ari da azken egunotan. Besta bai, baina borroka ere badagoelako tartean, eta alde horretatik, herriko jaietako balorazio positiboa egin du dagoeneko alkateak. 

Momentu berezi eta hunkigarriak bizi izan dituzte beratarrek euren herriko bestetako lehen egunetan. Jai giroa badago, baita aldarrikapenerako tartea ere, eta hori agerian gelditu zen lehen suziria bota orduko. Izan ere, Global Sumud Flotillako kide izandako Luka Remiro bizilagunak bota zuen Berako bestei hasiera eman zion txupinazoa, 90. hamarkadan intsumisioaren alde egin zuten herrikideekin batera. Aitor Elexpuru alkateak aitortu duenez, “bakearen alde” egindako ekintza izan zen txupinazoarena, “gerraren eta armadaren kontrakoa”. Beratarrentzat beraz, eredu izan diren herriko pertsonak igo ziren udaletxera abuztuaren 2an alkatearen iritziz: “Intsumisoak eredu izan ziren bere garaian. Nik, adibidez, haiei esker ez nuen soldaduskarik egin. Luka ere eredugarria izan da, Gazako genozidioa salatzerako orduan”. Hori guti balitz, suziria bota aitzinetik, urtero bezala, ahantzien oroimenezko ekitaldia egin zuten Beran: “36ko gerrako errepresaliatuak omentzen ditugu. Aurten 90 urte bete dira altxamendu faxista izan zenetik eta, ikusita zer nolako garaiak bizi ditugun, autoritarismoari eta ultraeskuinari kontra egin behar diogu bestetan ere”. 

Omenaldiak eta aitortzak ez ziren abuztuaren 2an bukatu, biharamunean bertze momentu hunkigarri bat bizi izan baitzen udaletxeko plazan. San Esteban egunean, Berako Musika Bandaren eta herriko dantzarien emanaldiez gain, bandera dantzatu ohi da. “Tradizioz, zinegotzi gazteenaren" ardura da hori, Elexpuruk jakinarazi duenez. “Momentu epikoa da, solemnea, eta ausarta izan behar da horretarako”, gaineratu du. Tradizioari traizio eginez, aurten Irantzu Etxebesteri eskaini zioten bandera dantzatzea, “pilotan eta futbolean aritutako beratarra” izaki, omenaldi bat eskaini nahi ziotelako. Etxebestek erronka onartu eta une historiko bat bizitzea egoki zitzaion, lehen emakumea baita Berako bandera dantzatzen. 

Ekitaldi instituzionalez gain, besta batzordeak antolatutako programa aitzinera doa Beran. Urteak daramatzate herritarrek herritarrentzat izaten diren bestak antolatzen, alkateak azpimarratu duenez eta, urtero, antzeko gauzak egoten badira ere, ideia berriei ateak zabaltzen dietela onartu du: “Egia da patroi bat jarraitzen dela bestatan. Orokorrean, beti daude antzeko gauzak, baina beti dago ideia berriren bat ere. Besta batzordean egiten dira proposamenak eta, dugun aurrekontua kontuan hartuta, denon artean erabakitzen da zer egin. Kontu instituzionalak daude, alde batetik, baina bertzetik besta batzordeak antolatzen duen programa. Hortaz gain, txosna batzordearen programa ere sartzen da, alternatiboa eta oso interesgarria dena”.

Besta batzordea hiru hilabetez egoten da bilerak egin eta programa osatzen, irizpide bakar batekin, “adin guztietarako bestak prestatzea. Zahar etxeko egoiliarretatik hasi eta haurretaraino”. Horrez gain, Bera herri zabala da eta bestak xoko guztietara ailegatzea nahi du Elexpuruk: “Gaur baserri auzoetan ibili naiz, musikariekin batera, eta bestak hara eramatea asko eskertzen dute bertakoek”. Hain zuzen ere, hori da alkateari gehien gustatzen zaion Berako bestetako momentu bat: “Goizetan sortzen den giroa gustatzen zait. Adibidez, baserri auzoetara joan, gaitero edo trikitilariekin. Kantu bazkarira edo azken egunean Altzaten egiten den paelladara ere joaten naiz. Orokorrean gauza xumeak gustatzen zaizkit, lagunartean egiten den gosari edo bazkari bat, Iruñean bezala, hemen ere baditugulako momentikoak”. 

Aurtengo bestak oraindik bukatu gabe badaude ere, dagoeneko balorazio positiboa egin du alkateak: “Momentuz balorazioa ona da, orokorrean. Ez dut orain arte erasoen berririk eduki eta besta parte-hartzaileak izaten ari dira”. Hala ere, giro alai hori iluntzen duten txikizioak egon dira lehen egunetan eta onargarriak ez diren ekintza horiek salatzeko tartea hartu du Elexpuruk: “Egin diren txikizioak salatu nahiko nituzke. Toki Ona ondoko haurren parkea txikitu dute eta hori ez da onargarria. Bidasoa Karrikan ere, arbola bat moztu dute. Hau bandalismoa da, zoritxarrez behin baino gehiagotan errepikatu dena, eta ekintza hauek salatu behar ditugu, gure herria zaindu behar dugulako”. Hau alde batera utzita, hemendik aitzinera giro lasaia eta ona egotea espero du Aitor Elexpuruk, 2026ko Berako bestei behar bezalako bukaera eman ahal izateko.