Biriatun ihauteria izanen dute larunbatean

Aitor Errazkin, Aimar Lopez 2024ko ots. 21a, 08:59

Etxez etxekoan ibiliko dira egun osoan zehar, herriko auzo guztietatik pasaz · Zanpantzarren auziarekin bukatuko dute, plazan.

2002an hasi zen Biriatuko besta komitea Lapurtar ihauteria antolatzen, galdua zen usadioa berreskuratuz. Akelarre dantza taldearen laguntzarekin berpiztu zuten hitzordua, zirtzilak, hartzak eta bertzelako pertsonaiak ere hor zituztelarik. Auzoz auzo aritzen ziren, antolatzaileek azaldu zutenez, urte batzuetan hamar auzotara ere iritsi zirelarik, bertsolariek lagundurik. 2010etik 2023 arte haatik, berriz ere ihauteririk gabeko herria izan zen Biriatu, iaz herriko emakume talde bat antolakuntzan hasi zen arte.

Aurten berriz, goizeko 10:00etan hasiko dira etxez etxekoarekin, Larretxeko bordan. Ondotik, Agerreberri, Azkenean, Arrupia eta Anderria izanen dituzte geltoki, arratsaldeko 17:00etan plazan bukatzeko. Musikariak eta dantzariak aritzen dira auzoetan, eta jan-edanean ere aritzen dira.

Plazara iristean berriz, Zanpantzarren auzia izanen da, arratsaldeko 17:00etatik landa. 

Antolatzaileek argi utzi dute ihauteria Biriatukoa bada ere, edonori irekia dela hitzordua.

Urruñan berriz, ihauterien bigarren asteburua

Otsailaren 10ean etxez etxekoa egin ondotik, desfilea eta Zanpantzarren auzia izanen da bertzeak bertze asteburu honetan Urruñan. Bukatzeko, pilota plazan gaualdia izanen da Gazte Asanbladaren eskutik, Karma, XSakara eta DJ Bullen emanaldiekin.