Biriatuko Ikastolak 10. urteurrena ospatuko du hilaren 30ean, egun osoko egitarau berezi batekin. Ospakizuna goizeko 11:00etan hasiko da, Bidasoko eta Errobiko joaldunen eta Mutxikool taldearen emanaldiarekin.
Eguerdiko 13:00etan bazkaria egingo dute, Lagunak taldeak girotuta. Arratsaldean, 17:00etan, bertso saio erakargarria izango da: oholtzan ariko dira Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena eta Xabat Ilarregi, eta gai-jartzaile lanetan Aimar Karrika ariko da.

Eguna musikarekin amaitzeko, 19:00etatik aurrera kontzertuak izango dira: Kospei Star Orkestra, Bacano Banda eta DJ Anton. Bazkarirako eta bertso saiorako txartelak eskuratzeko aukera dago: labur.eus/xoldope.
Gaur egun, Biriatuko Ikastolak 35 ikasle ditu, eta azken urteotan hazkunde nabarmena izan du. Hala ere, egoera horrek espazio arazoak ere ekarri ditu, egungo instalazioak txiki gelditu baitzaizkie. Ikastolako arduradunek behin eta berriz adierazi dute ikastola berri baten beharra, herriko beharrei erantzuteko eta etorkizunari berme gehiagorekin begiratzeko.
Eskaera hori Biriatuko Herriko Etxeari ere helarazi diote hainbatetan, baina momentuz ez dute konponbiderik aurkitu. Hala eta guztiz ere, komunitateak lanean jarraitzen du proiektuari eusteko eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua indartzen segitzeko. 10. urteurreneko ospakizuna, beraz, iraganeko bidea ospatzeko ez ezik, etorkizuneko erronkak mahai gainean jartzeko ere baliatuko dute.
EGITARAUA:
11:00etan Bidasoko eta Errobiko joaldunak-Mutxikool
13:00etan Bazkaria. Lagunak taldea animaturik
17:00 bertso saioa: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio,Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Xabat Ilarregi. Gai jartzailea: Aimar Karrika
19:00 Kontzertuak: Kospei star orkestra, Bacano Banda, DJ Anton
Bazkarirako eta bertso saioareko txartelak: labur.eus/xoldope