Biriatuko San Martin bestak azaroaren 6tik 14ra iraganen dira

Aitor Errazkin

Biriatuko San Martin bestak azaroaren 6an hasiko dira, eta azaroaren 14ra arte luzatuko dira. Besta Komiteak egitarau zabala prestatu du, adin guztietako herritarrak eta bisitariak biltzeko, musika, gastronomia, kirola eta euskal tradizioak uztartuz. Iolana Biriatuko besta komiteko kidearekin hitzegin dugu

Bestak azaroaren 6an, ostiralez, idekiko dira ofizialki, arratseko 19:00etan, herriko plazan. Ondotik, 19:30ean, aperitifa animatua eginen da Xoldon, eta 20:30ean tripotx afaria izanen da, Bidekoa taldeak alaiturik. Afariak 25 euro balioko du. Erreserbak azaroaren 2an, 3an eta 4an egin beharko dira, 17:00etatik 20:00etara, Xoldoko elkarte gelan.

Azaroaren 7an, larunbatez, musika izanen da protagonista. 19:00etatik aitzina, herriko plazako karpan, Punttu Kakots, Frigo eta SFM taldeek kontzertuak emanen dituzte. Ondotik, DJa izanen da Hiribarren ostatuan. Kontzertuetarako sartzea 5 eurokoa izanen da, eta doako taxi zerbitzua eskainiko da Pausutik, Urruñatik, Hendaiatik eta Biriatutik.

Igandean, azaroaren 8an, goizeko 9:00etan meza eginen da. Arratsaldean, 16:00etan, antzara jokoa antolatuko da herriko zaldi hoberenekin, eta 18:00etan mutxikoak dantzatuko dira Mutxi’kool taldearen animazioarekin. Egunari bukaera emateko, 19:30ean aperitifa izanen da, Lagunak taldeak animaturik, Hiribarren ostatuan.

Besten egitarauak beste hainbat hitzordu ere proposatzen ditu. Azaroaren 10ean, asteartez, mozorro gaua eta joko olinpikoak eginen dira Xoldo ostatuan, 19:00etan. Azaroaren 11n, asteazkenez, hilen monumentuan ospakizuna eginen da 9:45ean, eta arratsaldeko 14:00etan haurrentzako egitura bat antolatuko da Xoldon, Biriatuko eskolako gurasoen eskutik.

Azaroaren 13an, ostiralez, mus txapelketa jokatuko da Xoldon. Gehienez 32 bikotek parte hartzen ahalko dute, eta izen-emateak 20 euro balioko du bikoteko.

Azken egunean, azaroaren 14an, larunbatez, esku pilota partida izanen da herriko frontoian, 11:00etan. Eguerdian, 12:00etan, aperitifa eskainiko da Hiribarren ostatuan, Kuxkuxtu txarangak animaturik. Ondotik, 13:00etan, antzara bazkaria eginen da Jardins de Bakea jatetxean, Kuxkuxtu txarangaren musikaz lagundurik.