Pello Apezetxea bekako irabazleek Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak aztertuko dituzte

Paola Oskoz 2024ko urt. 23a, 13:37

Jon Martin Etxebeste, Paula Laita Pallares eta Ane Osua Cabida izan dira Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sortutako Pello Apezetxea bekaren irabazleak. 

Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean Pello Apezetxea beka sortu zuten pasa den urtean, euskara ikertzeko proiektuak saritzeko asmoz. Bigarren deialdian, "Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak" izenburua duen lana izan da irabazlea eta beraz, proiektua garatzeko emanen dituzten 7.000 euroen onuradunak. 

Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak osatutako lantaldeak lortu du Pello Apezetxea beka. Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak izanen dituzte aztergai euren ikerketan. 2024ko irailean aurkeztuko dute lana eta bitartean, hezkuntzatik hasiko dira datuak biltzen. Inkestak pasatu nahi dizkiete ikasle migranteei eta ondotik, euren gurasoekin elkarrizketak eginez bildu nahi dituzte datu guztiak. Bortz herrietan (Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantza) eginen dute lan, nahiz eta Osua beratarrak berak aipatu duenez, Bera eta Lesaka izan daitezkeen herririk interesgarrienak, migratzaile kopuru handiena dutenak direlako. 

Ikerketa taldeko Jon Martin Etxebestek eta Ane Osua Cabidak azaldu dituzte egin beharreko lanaren nondik norako guztiak.