Osasun Bidasoa Plataformak 2.000 lagun inguru bildu zituen larunbata arratsaldean Irunen egindako eskualdeko manifestazioan. Azken asteetan, ostegunero Bidasoaldeko osasun zentroen aurrean elgarretaratzeak egin eta gero, plataformaren sorreratik mantentzen dituzten aldarrikapenak «bete gabe» jarraitzen dutela oroitarazi zioten osasun agintariei. Eta duela bi urte baino gehiago Bidasoa ospitaleko ebakuntza gelen proiektua geldiaraztea lortu zutenetik, «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdeko herritarrei eta osasun profesionalei bizkarra ematen» jarraitzen diela. Orduan 6.000 lagun bildu zituen manifestazio erraldoi baten aurrean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzera egin baitzuen aurreikusitako planekin. Eta orduan hasi ziren tokiko udal agintariek ere, euren jarrera agertzen, eta erakundeen arteko elkarrizketa exijitzen.
«Ebakuntza gelak itxi eta Donostiako onkologikora ez eramatea lorpen kolektibo handia izan zen, eta harro egon behar dugu, baina Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Bortziriak eta Bidasoko herritarrak zigortzeari uzteko eta egoera aldatzeko behar diren premiazko inbertsioak egitea», azpimarratu zuten manifestazio bukaeran Zabaltza plazan irakurritako manifestuan.
Zentzu honetan, 2015az geroztik Irungo Udalak erreserbatua duen Oinaurreko lursailan anbulategia berehala eraikitzea eta Bidasoko ospitalean eraikin anexo batekin behar duen espazioa egokitzea eskatu dute, etengabe luzatzen ari diren itxaron zerrendak laburtzeko.
«Gehienez ere 60 eguneko itxaron zerrendak nahi ditugu, eta baliabide eta espezialista faltarengatik prekarioan geratu diren zerbitzuak berriz martxan jartzea, urologia, minaren unitatea, ekografia etabar...» zerrendatu dute. Osasun mentala Irungo Udalak duela 22 urte utzitako behin-behineko lokal batean mantentzen dela ere gogoratu dute.
Baliabide fisiko eta humano falta
Nolanahi ere, plataformaren manifestazio buruan eskualdeko zenbait mediku eta erizainek eraman dute pankarta. Arantza Calvo, Dunboa anbulategiko medikua da eta ongi ezagutzen du zein den Lehen Arretaren egoera ere. «Ni ez naiz politikoa, baina agerikoa da azken urtean egoera ez dela aldatu, okerrera egin baizik. Gure lan karga ez da apaldu, itxaron zerrendak oraindik gehiago luzatu dira», aipatu digu. Horren ondorioz, Lehen Arreta zerbitzuetara behin eta berriz itzultzen dira pazienteak. Baina bere ustetan hori ez da okerrena. «Larriena da, ezin zaiela konponbide bat eman, eta kasu batzuetan larria baldin bada horrek dituen ondorioak».
Argitu duenez, zenbait kasuetan mediku eta espezialista falta da arazoa, baina osasun profesionalak dauden arloetan espazio falta da itxaron-zerrendak areagotzen dituztenak. Kontsulta espazio eskaxa dago, eta Dunboa eta Erdiguneko anbulategiak zahar eta txiki geratu zaiela diote. Erdiguneko anbulategian, adibidez, prefabrikatutako etxolak instalatu behar izan zituzten aspaldi, eta administraziorako eremuak kontsultetarako bideratu.
Apirilaren 21eko hauteskundeen atarian, manifestazioak eskualdeko udal talde politiko guztien babesa jaso du EAJrena salbu. Eta Irungo eta Hondarribiko alkateak, Cristina Laborda eta Igor Enparanek ere parte hartu zuten manifestazioan.