Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasunaren besta ospatuko dute heldu den larunbatean, maiatzaren 25ean, Beran. Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez, herritar talde bat elkartzen hasi zen orain dela hilabete batzuk eta geroztik, egun hau ospatzeko egitaraua osatzen aritu dira, helburu garbiarekin: torri berrien harrera, integrazioa eta aniztasunaren gaiak elkarlanean lantzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarrek elkar ezagutzea eta sentsibilizatzea, eta Bortzirietatik kanpoko jatorria duten herritarrei euskara hurbiltzea.
Bortzirietan, garai batean, antolatzen ziren "Mugarik gabe" izeneko jardunaldien ideiatik abiatuta, arratsalde osorako egitaraua prestatu dute bortziritarrek maiatzaren 25erako. 17:00etan hasiko da programa, Berako udaletxean eginen dute bilerarekin. Ondotik, Berara etorri berriei bisita gidatu bat eginen diete herriko leku erranguratsuetatik. 18:30ean berriz, Gure Txokoa dantza taldearekin eskutik, dantza tailerra egonen da Toki Onako estalpean eta hori bukatuta, pintxo dastaketa izanen dute, bakoitzak bere jatorrizko jakiak erakusteko aukera izan dezan. Eguna musikarekin bukatuko dute azkenik. Zerrenda bat prestatuko dute, jatorri desberdineko kanta ezagunekin, euskaratuak egonen direnak, eta horrez gain, La Jodederak ere kontzertua eskainiko du.
Besta bortziritar eta ondoko herrietako biztanle guztiei dago irekia eta Urko Ikardo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko kideak ere gonbita luzatu nahi izan du nahi duen guziari Berara hurbiltzeko.