Arantzako aterpeak abuztuko egitarau sendoa prestatu du

Ekhiñe Zapiain 2024ko uzt. 23a, 10:23

Arantzako herria txoko berezi bat da, txoko bereziz betea dagoena. Horietako bat Arantzako Aterpea, eta hura ezagutzen aritu gara bertako Iban Zugarramurdirekin. Urtean zehar mugimendu handia duen aterpea den arren, uda sasoian kultur hitzorduetan eskaintza berezia egiten dute.

Arantzako Aterpeari «berezitasuna jendeak ematen diola» onartu digu, aterpea izateaz gain jatetxeko zein tabernako zerbitzuak eskaintzen dituena. 1983. urtean hartu zuen negozioa familiak, eta lau semeek egiten dute lan bertan. Arantza herri bizia da, taberna eta jatetxe dezente daude eta jende ugari hurbiltzen da bisitan.

Orain hogei urte baino gehiago hasi ziren Arantzako Aterpean kultur hitzorduak eskaintzen. Eguraldiak laguntzen badu kanpoaldeko terrazan egiten dituzte hitzorduak, ematen duen xarma bereziarekin. Espazio eta beso zabalak dituzte horrelako hitzorduak antolatzen segitzeko. Aurtengoan, hitzorduak abuztura mugatu dituzte:

Abuztuak 3, larunbata

Bull jaia 50 urte. DJ Bullen 50. urteurrena ospatuko dute

  • 12:00etan txaranga
  • 17:00etan La Jodedera, Sakamantekas, Mexikortxo eta Kittu.
Abuztuak 10, larunbata
  • 19:30ean Petti eta Xabaltx elkarrekin egindako kontzertuan
Abuztuak 17, larunbata
  • 19:30ean Makala eta lagunak.
Abuztuak 24, larunbata
  • 19:30ean Gailu taldea.
Abuztuak 31, larunbata
  • 19:30ean Esne Beltza eta DJ Alai

Zugarramurdirentzat berezia izanen da azken hitzordu hau, bera Esne Beltza taldeko bateria-jotzailea baita, eta Aterpeko kontzertuan bere etxean jotzen arituko da. Azken bira egiten ari da taldea, eta hargatik, Arantzan jotzen duten azken aldia izanen da.

Eguraldiaren iragarpenei erne eta kezka puntu batekin dauden arren, oro har gogotsu daude aurtengo egitaraurako. Hitzordu guztiak doainik izanen dira, eta agertzen den edonor izanen da ongi etorria.