Mugaz gaindikoen zalantzak argitzeko tresnak denen eskura jarriko ditu Euroeskualdeak bi egunez Hendaian

Antxeta Irratia 2024ko aza. 20a, 12:45

"Mugaz gaindikoa izatea erraza da!" lelopean, langabezi prestazioak, osasun zerbitzuak, gizarte familia laguntzak, jubilazio edo erretiro pentsioak eta mugaz gaindiko jardueren inpostuei buruzko eskubide eta betebeherrak argitzeko jardunaldiak antolatu dituzte Hendaian bi egunez. Azaroaren 21ean eta 22an Frantzia, Espainia, Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeetako ordezkariak bilduko dira Euroeskualdearen egoitzan, baita mugaz gaindiko 70 enpresa eta langile ere.

Enpleguaren munduan hutsuneak handiak dira mugazgaindi bizi eta lan egiten dutenentzat. 2022ko azken azterketan arabera, 4.000 mugazgaindiko langile baino gehiago ziren Bidasoa-Txingudi eskualdean, eta gehienek zalantza handiak izan ohi dituzte euren jardunean. Geroz eta enpresa gehiago dira ere, Bidasoaren bi aldeetan euren zerbitzuak eskaini edota proiektuak garatzen dituztenak. Eta administrazio eta araudi desberdinak indarrean daudela kontuan hartuta, enpresaburu askok mugaz gaindiko aholkularitza berezituen enpresetara jo ohi dute laguntza eske. Bidasoa Bizirik garapen agentzia 2012an hasi zen behar hauei erantzun nahian lanketa eginez, eta Iuris Muga behategia sortu zuten CITICOOP izeneko europar programaren baitan, mugaz gaindiko gida juridiko bat osatuz. Lan ildo horretatik, enpresa, herritar eta garraiolarientzat gida-txostenak osatu zituzten interneten hemen eskuragarri daudenak. 

2023an, aldiz, Ipar Euskal Herrian lan egin duten irundar eta hondarribitarrentzako mugaz gaindiko laguntza zerbitzua martxan jarri zuten Bidasoa-Txingudi partzuergoaren Ducoureau Jauregiko egoitzan (Hendaia kalea, 8), bereziki jubilazio edo erretreta pentsioaren eskubideei buruz informatzeko. 943 50 96 00 telefonoan hitzordua eska daiteke. 

Hala ere, zerbitzu eta informazio hauek guztiak, alde bakarrekoak izan ohi dira, eta nekez argitzen diote mugaz gaindiko langileari zergak ordaintzerakoan, langabezi prestazioari buruzko eskubideei buruz, osasun zerbitzuetaz edota jubilazio eta kotizazioei buruz dituzten eskubide eta betebeharrei buruz. 

Horregatik, azken urteetan, zalantza guztiak argitzeko helburuarekin, Hendaian egoitza duen Euroeskualdeak “Mugaz Gaindiko Informazio Jardunaldiak” antolatzen ditu. Azaroaren 21ean eta 22an ospatuko dituzte aurtengoak, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako instituzioak elkarlanean jartzen dituen erakunde honek antolatuta, bi egunez, enplegu arloko erakunde publiko guztiak, eta 70 bat mugaz gaindiko enpresa eta sektore desberdinetako langile bilduko ditu. Arola Urdangarin, Euroeskualdeko zuzendariak argitu duenez, «lan arloko eskubideei eta betebeharrei buruz jakin beharreko guztia argitzeko aukera emango du». Horretarako, enplegua eta langabezi prestazioei buruz France Travail, Espainiako Sepe, Euskadiko Lanbide eta Nafarroako SNE zerbitzuko ordezkariek parte hartuko dute. Osasun zerbitzuei buruz Frantziako Amelie CPAM eta Espainiako INSS; Gizarte familia laguntzei buruzko Frantziako CAF, Espainiako INSS, Lanbide eta Nafarroako Gizarte Eskubideen Saila; Lan ikuskaritzako Frantziako URSSAF eta CPAM, eta Espainiako TGSS erakundeak; zerga eta inpostuei buruz gauzak argitzeko Frantziako DGFIP, Espainiako Agencia Tributaria eta Nafarroa zein Gipuzkoako Foru Ogasun erakundeak; edota erretiro-pentsioen arloko La Assurance Retraite, Carsat Aquitaine eta Espainiako Seguridad Social erakundeak. 

Jardunaldiak goizeko 9:30etik arratsaldeko 17:00etara izango dira, eta bertan parte hartzeko aurretik erregistratzea gomendatzen dute empleo-info.eu atarian. Gogoratu Euroeskualdearen egoitza nagusia Hendaiako Intzura industriguneko Leku Eder karrikan 18. zenbakian dagoela.