2024ko azaroaren 22an, Artikako Maria de Maeztu Kultur Etxean 78 euskarazko tokiko hedabide biltzen dituen Tokikom sareak, bere sariak banatu ditu. Ekitaldian, AEKko Lurdes Etxezarretaren eta Xabier Gartzia eta elDiario.es-eko Ramon Argelinak hitza hartu dute, besteak beste. Eta sektoreko profesionalek eta erakunde publikoetako ordezkariek banatu dituzte sariak. Hala, tokiko komunikabideen urteko lanik onenak ezagutu eta, bide batez, sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak eta esperientziak entzuteko aukera eman du ekitaldiak, aditu eta arituen eskutik.
Urtero, bazkideen artean, kazetaritza lanik onenak saritzen ditu Tokikomek eta aurtengo sarietan Antxeta Irratiak Ikus-Entzunezkorik Onenaren Saria jaso du, egindako «jendarte inklusiboago eta giza eskubideen aldeko lana» aintzat hartuta. "Uhin inklusiboak" proiektua kontuan hartu du epaimahaiak, migrazioaren gora beherak larru azalean bizi dituztenei eman dietelako hitza.
Era berean, Nafarroa Saria "Dialeko Azkenak, Esan Erranek 25 urte dokumentala" eskuratu du. Bi Ahizpak Bideoko Aritz Gorostiagak grabatua eta montatua, irratiaren sorrera kontatzen du eta ibilbideari errepasoa ematen dio.
Guaixeren "Matxismoa ari du" izan da Azalik Onenaren Sariaren irabazlea. Sakanako astekariak oso azal interesgarria landu zuen martxoko alean. Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helaraziz. Orioko emakume surflarien inguruan egindako azala da. Irudia oso indartsua da eta bere koloreengatik eta konposizioagatik arreta deitzen duen argazkia du. Adin desberdinetako lau emakume kirolariren indarra transmititzen du, kamerara begira egon arren, oso natural ikusten direlarik. Epaileen arabera, energia eta superazio pertsonala adierazten du emakumeak subjektu diren irudian.
"Uztarria Guka" proiektuak eraman du Eduki Onenaren Saria. Azpeitiko azken familia inprenta itxi eta gutxira egindako erreportajea da, eta zehazki inprenta horren historia jasotzeaz gain, sektore oso baten bilakaera nolakoa izan den ere oso egoki jasotzen du lanak. Tokikotasun handia duela baloratu dute epaileek, edukiak eta tokian tokiko industria, profesional eta historia jorratzen dituelako gertutik, lekukotasunaren balioaz osatua. Estetika ere zaindua dago, iraganeko eta oraingo argazkiak ondo integraturik daudelarik.