Maite Elizondo psikologoa da, eta bere Irungo kontsultan (ALDAKETA Zentroa - Luis Mariano 4 - 1º B) helduak laguntzen ditu bereziki. Gabonetan estimulu gehiago jasotzen ditugunez, norbere osasun mentalaren arabera, onura eta poza ekar dezakeen urteko garaia dela dio, baina «familian giro goxorik eduki ez, edo maite dugun pertsona baten ausentziaren hutsuneak eta doluak, sentimendu kontrajarriak eragin eta gabonak egun zailak izan daitezke».
Modu batean ala bestean, «gabonetara xarmatik hurbildu beharra» dagoela uste du psikologo honek, «une jakin eta berezi desberdinak daudela gogoan hartu, eta hauek balioan jarri». Kontraesanen garaia bada zentzu askotan, eta seme-alaben heziketari dagokionez are gehiago. Horregatik, gabonek ekar ditzazketen une goxoak parte hartzetik gozatzera bultzatu eta «oparietan ez zentralizatzeko» gomendatzen du. Gizarteak elikatzen duen kontsumismotik harago, aldiz, Olentzero edo Errege Magoen berezko magiatik ere badu asko umeentzako gabon garaiak. Baina berandu baino lehen begiak zabaldu behar dituztela jakina denez, eskolan zerbait entzun dutelako, edo okurrentziaz galderak egiten hasten direnean, horri nola heldu behar zaion ere garrantzitsua dela dio Maite Elizondok.
Naturaltasunez. «Urduri jartzen gara seme-alaben galdera horren aurrean, eta garrantzitsua da zein klima sortzen dugun», dio psikologak, «eta elkarrizketarena beharko luke, interesgarria da urte osoan zehar egiten dugun bezala, pentsarazten laguntzea haurrari». Bai ala ez erantzuteko joera izan ohi da, baina bere ustetan hobe da galdera batekin erantzutea: «eta zuk zer pentsatzen duzu?». Horri esker, haien barne munduan noraino eraiki duten fantasia ezagutzeko aukera dugu. «Koherentziaz jokatu behar dugu, gezurra ez delako inoiz bidelagun ona izan seme-alaben heziketan», argitzen du.
Gero familia bakoitzak hasieratik erabaki duena errespetatu behar dela argi du Elizondok. Baina «haurren erritmoa errespetatu behar da ere, eta gezurra elikatzen jarraitzea ere ez da egokiena», bere ustez. Nolanahi ere, txiki-txikitatik Olentzero eta Mari Domingiren irudia gehiegi ez mitifikatzea ere garrantzitsua da.