Literatura beltzaren etxe bilakatzen ari da Baztan azken urteotan, eta ez da kasualitatea. Aspalditik du harremana Baztanek nobela beltzarekin, baita nobela beltzak Baztanekin ere. Genero honetako lan ugaritan aipatu izan da inoiz haran eder hau, eta diotenez Mariano Izeta idazle elizondoarrak idatzi zuen inguru horretako lehen nobela beltza.
Antolatzaile taldeko Aitziber Zapiain izan genuen Zebrabidea emankizunean, eta azaldu zigun (H)ilbeltza Idazleekin solasean irakurle taldetik sortu zen proiektu bat izan zela. 2014. urtean pentsatu zuten zerbait izan zen, eta ideiari tiraka egin zuten lehendabiziko edizioa urtebeteren buruan, 2015ean. Bide emankorra egin du geroztik eta argi adierazi digu Zapiainek: «Lehen hartan ez genuen pentsatuko ere hamaikagarrena egonen zenik». Hala ere, hasiera-hasieratik arrakasta izan duen ekimena izan da eta azken urteetan zabalpen handia izan du.
Generoa bera berezia da, funtsean, literatura beltza elkarrizketa handikoa eta gibeleko trama handikoa delako. Antolatzaileak uste du «sakonean egunerokoaz hitz egiten duela, eta hori dela garrantzitsua». Eguneroko horren alde ilunez eta ikustezinez ari den generoa da. Hain zuzen, hortik dator aurtengo edizioari esleitu dioten helburua eta ezkutuan dagoena azaleratzeko asmoz osatu dute egitaraua.
Aukera sorta zabala
Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza eleberria ardatz hartuta hasiko da hamaikagarren edizioa, Arizkungo medikuaren etxean urtarrilaren 20an arratsaldeko 19:30ean idazleak berak eskainiko duen mintzaldiarekin. (H)ilbeltza beka sortu zuten orain dela edizio batzuk, eta azkenekoan irabazle suertatu zen Oiz Arruti; sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte beka honekin eta urtero bi esparru hauek txandakatzen aritzen dira.
Lehen hitzorduaren ondotik bertze hainbertze ere prestatu dituzte. Urtarrilaren 22an, asteazkenarekin, Idoia Santamaria itzultzaile eta zuzentzaileak Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldia gidatuko du Anizko elkartean arratsaldeko 19:00etan. Bi egun beranduago, urtarrilaren 24an, ortziralarekin, Iruritako Gizarte Bilgunean emanen dute 19:00etan Arg(h)itzen dokumentala.
Biharamunerako egun osoko proposamena osatu dute. Hasteko, Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahai ingurua izanen da Elizondoko Arizkunenean goizeko 11:00etan Edurne Elizondo, Mikel Elorza eta Isabel Jaurenarekin. Ondotik bazkaria izanen da Erratzun eta sarrerak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidalita eskuratu daitezke. Bazkalondoan bi liburu aurkeztuko dituzte, Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa eta Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba. Bukatzeko, ilunabarrean Ilargipeko enigmak, susmagarrien gaua poteo-jolasa izanen dute.
Igandean hasiko dute aste beltzaren itxiera Azpilkuetatik abiatuko den Xartolako Axeri itzuli beltza ibilaldiarekin. 19:00etan berriz ikuskizuna izanen da Arizkunenean, Unai elorriaga eta Josu aurrekoetxeak eskainiko duten Odola-kantari. Euskal kantugintzaren tragepedia, hain zuen.
Denen eskuekin egindako lana, denen eskuetara
Egitaraua osatzeko irizpideei buruz galdegitean Zapianek aitortu digu dagoen materiala ugaria dela eta «gauza asko» dagoela, eta beraz, badagoela zeri heldu eta ideiak ez dituztela eskas izaten antolatzaile lantaldean. Edizio bat bukatu bezain pronto egiten dute balorazio bilera, eta bertan kasik zerrendatzen dituzten proposamen denak iristen dira heldu den urteko egitaraua osatzera. Udaberrian gehitzen dituzte ideiak eta irailean orrazten dute programazio osoa.
Elkarrekin egiten dute antolaketa lana, ongi pasatuz, eta horrela den bitartean segitzeko asmoa dute. Inguruan lana errazten dien jende ugari topatzen dute urtero: iragarpen bideoa egiten dutenak, idazleak, sortzaileak... Jendeak borondate handia izaten du eta hori funtsezkotzat jotzen du antolakuntzan. Aldi berean, emaitza ere halakoa izatea nahi lukete. Denei luzatzen diete agertzeko gonbita eta adierazi dute beso zabalik hartuko dutela bertaratzeko gogoz dagoen oro.