Tradizio handikoa da Lesakan San Anton egunaren bueltan ospatzen den erromeria. Endara auzoan egiten da eta Lesakatik ez ezik, Irundik eta Oiartzundik ere hurbiltzen da jendea bertan, baselizaren eta urtegiaren inguruan, sortzen den giroaz gozatzera. Pandemiaz geroztik, jende kopurua murriztu bada ere, berriz ere ohitura hau indartzeko asmoz eta gogoz, Lesakako Udalak egun osoko egitaraua prestatu du aurten ospakizun honi bere lekua emateko.
Igandean, urtarrilaren 19an, izanen dira ekitaldi nagusiak baina aitzinetik ere, larunbatean, Lesakako soinularien taldeak kalejira eginen du, 12:30ean. Honen ondotik, igandean, mendi irteerak antolatu dituzte zenbait elkarteek. Alde batetik, Lesakako Gaztik taldeak San Antonera mendi irteera antolatu du, Eneko Fernandez Lesakako Udaleko kultur zinegotziak aipatu bezala, "herriko gazteen arteko harremanak sendotzeko asmoz". 8:00etan egin dute hauek hitzordua Plaza Zaharrean. Ordu erdi beranduago eta leku beretik, Beti Gazte elkarteak urtero antolatzen duen San Antonera ibilaldi arautua hasiko da. Bikoteka eta hirukoteka parte hartu beharko da proban eta helmugan berriz, pintxoak eta edariak banatuko dituzte.
Beti Gaztek elkartea ez da izanen Endara auzoan pintxo eta edariekin postua jartzen duen talde bakarra. Aurten, bertako ostatua itxita egonen dela ikusirik, Lesakako Udalak aukera eman die herriko bertze taldeei txozna jartzeko eta pintxoak, salda eta edariak saltzeko. Fernandezek jakinarazi duenez, Tantirumairu dantza taldeak eta Etxeraino elkarteak hartu dute horretarako ardura eta beraz, "leku ospel horretan goxo egoteko aukera" eskainiko dute.
Endara auzoan giroa egoteaz gain, herrian ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte San Anton eguna girotzeko. Goizean, 10:00etan, Onin gaitariak dianak joko dituzte eta arratsaldean berriz, 17:30etik aitzinera, Endara Deejays-ekin dantzaldia izanen dute Plaza Zaharrean.