“Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentala estreinatuko dute ortziralean Lesakan

Paola Oskoz 2025ko urt. 29a, 09:50

Izenburuak dioen bezala, 1970 eta 1990 urteen artean Bortzirietan euskara biziberritzeko asmoz, herritar batzuek hasitako bidea kontatzen du, gerora euskarazko egitasmo indartsuen oinarria izan dena. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ondu du ikus entzunezkoa eta garai haietako 20 ekintzaile elkarrizketatu dituzte guztira.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak “Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentala estreinatuko du ortzirale honetan, urtarrilaren 31n, Lesakako Harriondoa kultur etxean, 19:00etan. 1970 eta 1990 urteen artean Bortzirietan euskara biziberritzeko egindako bidea kontatzen da bertan, garai haietan eta lan horretan jardun zuten 20 ekintzaile desberdinei egindako elkarrizketen bidez. 

2020an parte hartze prozesu bat abiatu zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, hurrengo lau urteetako plan estrategikoa gauzatzeko asmoz. Horietako saio batean, “herritar batek gogoeta bat bota” zuela oroitu du Patri Arburua Etxeberria euskara teknikariak: “Herritar batek aipatu zuen ze gutti dakigun 1970-1990 garaiaren inguruan. Euskara galbidean egon zen eta berreskuratu egin zen herritar batzuek egindako lanari esker eta, gaur egun, gutti dakigu prozesu eta garai horri buruz”. Proposamen hori jaso eta segidan hasi ziren honen inguruko hausnarketa egiten. “Garai horietan ibili ziren jendearen testigantzak bildu eta horren ondotik, ikus entzunezko bat egin behar genuela argi ikusi genuen”, gaineratu du Arburuak. Proiektua idatzi eta mankomunitateak ontzat eman zuenez, azken hiru urte hauetan horretan aritu dira buru-belarri lanean. 

Dokumentala 1970. urtean abiatzen da, garai ilun batean. Hizkuntza galbidean zegoen momentu horretan, “txinparta bat biztu zen eta, momentu jakin batean ondotik, gazte taldeak elkartu ziren eta egoera horri buelta eman behar zitzaiola pentsatu zuten”, adierazi du Arburuak. 1980. hamarkadan, hamar urte lehenago abian jarri zen bide hori “egituratzen eta erakundetzen” joan zen. Hogei urte hauek gutti dokumentatuak zeudela azpimarratu du euskara teknikariak, “jendearen memorian gordeak” zeudela soilik eta horiek biltzeko ariketa egin du mankomunitateak ikus entzunezko honetan. Honen helburua bikoitza izan da, Patri Arburuaren erranetan. “Batetik, garai haietako memoria biltzea, eta bertzetik, hau bera gizarteratzea. Egungo herritarrei erakusteko, gaur egun hemen euskaraz ikasteko aukera badugu, bertso eskola bizi batzuk baditugu eta euskarazko komunikabide potenten batzuk baditugu, garai hortan lanean aritu zirenei esker dela”.

Prozesu mardul baten emaitza

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hogei ekintzaile desberdin elkarrizketatu ditu ikus entzunezkoa ontzeko prozesu honetan. “20 elkarrizketa horietatik 18 biziberritze proiektutan aritu ziren ekintzaileei egindakoak dira. Bertze bat, garai hartan egin zen ikerketa soziolinguistiko konpleto bati buruzkoa da, Patxi Iñigori egindakoa, eta azkena, gau eskoletako ikasle izan zen herritari batean testigantza”, azaldu du Arburuak. Oreka bilatu nahi izan dute hauen guztien artean. Alde batetik, Bortzirietako herri guztietako herritarrak agertzea nahi izan zuten eta bertzetik, euskalgintzaren arlo desberdinetan aritutako jendea ere: ikastolen sorreran, D ereduaren aldeko sorreran, helduendako gau eskoletan, komunikabideetan, kulturan, etab. 

Guztira, elkarrizketak egin ondotik, 15 orduko grabazioa bildu zuten bideoz. Dokumentala beraz, horien guztien laburpena da eta pasarteak aukeratzeko lana “gogorrena” izan dela onartu du Arburuak. Lan talde bat sortu zuten horretarako, Patri Arburua berarekin, Oier Fuentes dokumentalaren zuzendariarekin eta Leire Errandonea eta Iban Garro gidoilariekin. Lehenik eta behin, Dihardugu elkarteak lagunduta, irizpide batzuk finkatu zituzten materiala sailkatzeko, eta ondotik, gai, pertsona eta herrien araberako sailkapena egin zuten. Hori eginda, euskara teknikariak kontatu duenez, “poliki-poliki ezinbertzekoak ziren pasarteak aukeratzen eta adosten joan ginen. Behin eta berriz elkartu ginen, bakoitzak bere kabuz materiala ikusi eta filtroa pasatzeko, kontatu nahi genuen errelato horietarako funtsezkoak ziren pasarteekin gelditu arte”. 

Patri Arburuarentzat proiektu hau “humiltasun lezio bat” izan da. 30 urtez izan da euskara teknikaria eta beti ibili da euskalgintzan. Berak aipatu duenez, “ustez banekien garai hori nondik nora zihoan, baina gauza berri pila bat ikasi ditut orain. Gai pila bat, pertsona pila bat ez nituzkela inondik inora lan hauetan kokatuko… deskubrimendu bat izan da eta irudiekin ere, harritzeko moduko bideoak, irudiak eta testuak egon dira, baita sorpresak ere”.

Hiru urtez egindako lana publikoari erakusteko garaia

Lana ekoizteko zailtasunak gora-behera, Arburuak proiektu honetan “gozatu” egin duela ere onartu du eta jendeari hori transmititu nahi diote orain. “Jende batek gogo izugarria zuen egoera hura aldatzeko eta gogo horrek eraman zituen pausu bat ematera. Pausu hori esker ere bide bat egin zen, baina argi dugu bidearen parterik handiena oraindik egiteakoa dugula. Egitekoa dugun bide horretarako, guttienez, lehen zer egin den jakitea da gure asmoa, norrek eta nola egin den jakitea garrantzitsua delako”, gaineratu du. 

Publikoarekin lehen hartu-emana ortzirale honetan izanen dute, urtarrilaren 31n, Lesakako Harriondoa kultur etxean. Orduan estreinatuko dute dokumentala, 19:00etan, eta aurkezpen bat ere eginen dute bertan. Horretarako, 20 protagonistak gonbidatu dituzte, baita erakundeak eta euskalgintzako Bortzirietako eragileak ere. Horrez gain, herritar guztiak gonbidatu ditu Arburuak, berezia izanen dela ziurtatuz. Honen ondotik, otsailaren 1ean, Beran emanen dute eta otsailaren 7an berriz, Arantzan, Igantzin eta Etxalarren. Gainera, otsaila erdialderako, bai dokumentala eta baita elkarrizketa guztiak osorik ere, hainbat plataformetan ikusgai egonen dira: “Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen webgunean ikusgai egonen da materiala, bortziriak.eus-en. Horrez gain, Euskarabideak bere mediteka.eus helbidean ere jarriko du, Nafarroako Gobernuak finantzatu baitu proiektua. Azkenik, Dihardugu elkarteko mediatekan ikusteko aukera egonen da, eskaini diguten laguntzagatik lagapen hitzarmen bat egiteko asmoa baitugu beraiekin. Aitzinera begira ere, bertze ideia batzuk ditugu, baina oraindik landu gabe daude. Gure helburua ahalik eta jende gehienak ikustea baita”. 

Patri Arburua gogoz dago ortziralerako, nahiz eta urduritasunak ere nabarmenak diren. “Elkarrizketatuek ez dute oraindik dokumentala ikusi eta nahiko genuke ahalik eta fidelen izatea prozesuarekiko eta beraiek identifikatuak sentitzea egin dugun errelato horrekin”, azaldu du. Proiektu honek jakinmina sortu duela ere aipatu du eta beraz, interesa duen herritar oro deitu du ortzirale honetan Harriondora hurbiltzeko, baita ondoko emanaldietara ere.