Ibai Iturria Garmendia

«Mendiak ematen ahal dizun historia interesgarria da eta hori erakustea da mendi gidariaren lana»

Paola Oskoz 2025ko ots. 4a, 10:00

Garmendi proiektuaren sortzailea da Ibai Iturria Garmendia beratarra. Mendi gidaritza ikasketak egin zituen Durangon eta hortik abiatuta, hasi zen buru-belarri lanean. Mendi ateraldiak proposatzea da proiektuaren helburu nagusia, beti ere mendiak eta inguruneak ematen duen guztia kontuan hartuz. 

Mendi gidaria da Ibai Iturria Garmendia beratarra. Mendizaletasuna ez du beti lagun izan, baina 2013az geroztik, Alex Txikonekin Everesteko kanpaleku nagusira egindako trekking baten ondotik, mendiarekin lotura berezia izan du Iturriak, mendi gidari bihurtu arte. Ikasketak Durangon egin zituen eta, ikasketa horien bukaerako proiektuan, mendi irteera bat proposatu behar izan zuen, programazio eta guzti. Egindakoak erantzun ona izan zuenez, lana proiektu bihur zezakeela pentsatu zuen Iturriak, bertan indar guztiak paratuz. Hortik sortu zen gaur egun berea den Garmendi proiektua. Taldean mendi ateraldiak egitea du helburu, mendi gidariak eta mendiak berak dituen aberastasun guztiak aprobetxatuz. 

Garmendi proiektuan buru-belarri ari da lanean azken aldian Ibai Iturria. Mendi gidari batek irteera batean eman dezakeen guztia erakutsi nahi die bere bezeroei. Ez soilik tontorrak igotzen edota bide zailak osatzen laguntzea, baizik eta mendiak ematen ahal dizun historia guztia erakustea: “Batzutan uste dugu mendi gidariaren lana zerbait zaila egiten laguntzea dela, baina ez da soilik hori. Interpretaziozko mendi ibilbideak egitea da ere. Mendiak ematen ahal dizun historia interesgarria da eta hori da mendi gidariaren lana. Lasai ibili, disfrutatu eta bertako historiaz ikasi”. 

Turismo jasangarria bultzatzeko bide bat da baita ere Garmendi proiektua. Iturriak Baztango eta Bortzirietako zeharkaldiak ditu prest hurrengo hilabeteetarako eta momentuz, bertan izena eman duen jende gehiena, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorriko da. Beratarrak berak erran duenez, eskualdea ezagutzeko bertze modu bat da, “beraien kabuz eginen ez luketena”. 

2025erako programazioa

Otsaila bada ere, dagoeneko prest du 2025era programazio guztia Ibai Iturriak. Apiriletik ekainera luzatuko da gehien bat eta hilabetean bi ateraldi eginen ditu gutienez. Lehen ateraldi garrantzitsua apirilean izanen da, Aste Santuan. Beratarrak azaldu duenez, Bortzirietako zeharkaldia eginen dute lau etapatan: “Nahiko gogorra da fisikoki. Lau etapatan egitekoa da. Guztira, 85 kilometroko ibilbidea eta ia 5.000 metroko desnibelarekin. Etapa bakoitzak 20 kilometrotik goiti ditu eta aterpeetan eginen ditugu egonaldiak”. Horren ondotik, maiatzan, gauza beretsua eginen dute Baztanen. Dagoeneko Baztango bi zeharkaldi eginak ditu Iturriak eta orain hirugarren edizio batekin ausartuko da. Eskualdean eginen duen azken irteera bat, Endarlazatik Lizaietara doan ibilbidea osatzean datza, “Berako 42 mugarrietatik”. “Egun bateko etapa izanen da”, aitzindu duenez, “25 kilometro eta ia 2.000 metroko desnibelarekin”.

Eskualdetik kanpo, udan, egun bakarreko Pirinioetara irteera batzuk antolatu ditu Iturriak, baita bidaia internazional bat ere. Hain zuzen ere, arrakasta gehien izan duen proposamena izan da hau. Marokora joanen da taldea, Toubkal mendia igotzera. Beratarrak adierazi duenez, “hilabete batean ia leku guztiak okupatu ditugu eta eginen dugun bidaia internazional bakarra izanen da”. 

Honez gain, gaztetxoentzat udaleku bereziak ere prest ditu Ibai Iturriak: “Nafarroako Pirinioetara joango gara, Belaguako aterpetxera. Han mendi txangoak eginen ditugu, baina baita tailerrak ere. Orientazioa, kartografia eta metereologia landuko dugu, gaztetxoei egokitutako tailerretan. Mendian ibiltzeaz harago, mendi zaletasuna bultzatzeko”. 

Mendian ibiltzeko ohitura duen edonork parte har dezake ateraldietan

Ibai Iturriak ez du gehiegi eskatzen berak antolatutako mendi irteeran parte hartzeko. “Mendian ibiltzeko ohitura izatea” eskatzen du oinarrizko baldintza bezala, batez ere zeharkaldiak egiteko. Horretarako, interesa agertzen duen guztiei txosten bat bidaltzen die ateraldiaren informazio guztiarekin eta duten mendi esperientzia ere eskatzen die. Jendeak hau irakurtzea eta kontuan hartzea nahi du beratarrak, "autokritika" egitea irteeretan parte hartzeko. 

Hala ere, “edonork” parte har dezakeela ere argi utzi nahi du, jendeak disfrutatzea delako helburu nagusia. Momentuz argitaratu dituen ateraldietan ia plaza guztiak bete direla ere azpimarratu du, arrakasta izan dutela bere proposamenak, eta plazak mugatuak direla: “Gehienez hamar partehartzaile hartuko ditugu ateraldi bakoitzean. Ez dut talde handiarekin joan nahi, honek arrisku gehiago dakarrelako. Nahiago du talde txiki batekin lan egin, erosoago egoteko”. 

Ateraldietan izena emateko, informazio gehiago eskatzeko edota Ibai Iturriarekin berarekin harremanetan jartzeko, sare sozialak dira modu zuzenena. “Weborrialde berria prestatzen ari naiz, baina bitartean sare sozialetan lan egiten dut gehien bat”, aitortu du beratarrak. Instagram kontura, beraz, idatz dezake interesa duen edonork (@_garmendi_) edota sarri berria izanen den webgunera jo (www.garmendi.eus).