Beñat Mitxelena

«Ez ditut imajinatzen iñauteriak musikarik gabe»

Paola Oskoz 2025ko ots. 13a, 10:25

Gaur eman diote hasiera Arantzako iñauteriei, eta larunbata bitarte giro berezia somatuko da herrian. Mozorro Zuriak eskean ibiliko dira eta musika izanen da nagusi herriko baserri eta etxeetan. Opari bat ere izanen dute bizilagunek aurten, Mozorroek iñauterietan kantatzen dituzten abestiekin diska bat osatu baitute.

Zakutenean egindako gosariarekin hasi dituzte 2025eko iñauteriak Arantzan. Gaur, Mozorro Zuriak “puxka-puxkan” ibiliko dira baserriz baserri eta musika eta dantza eramanen dute bertako bizilagunen etxeetara. Opari bat ere jasoko dute hauek aurten, izan ere, Mozorroek iñauterietan urtero-urtero kantatzen dituzten abestiekin diska bat osatu dute, bizilagunek egiten dieten harrera eskertzeko. 

Beñat Mitxelena aranztarrak aipatu bezala, azken astean “iñauteri giroa” nabaritu da herrian. “Gazteak gogoz” zeuden eta denek “gauzak prestatzen” aritu dira gaur hasi diren iñauteriak ospatzeko. Mozorro Zuriak dira egun hauetako ohitura. Arantzako gazteak taldean biltzen dira izen horrekin eta baserriz baserri eta etxez etxe aritzen dira eskean bi egunez. Lehen egunean baserrietatik joaten dira, mahoizko galtzekin eta koadrodun atorrarekin. Bigarrenean berriz, herritik “puxka-puxkan” ibiltzen dira, galtza zuri eta ator berarekin. Gibelean, bizkarrean, paperezko “puxkak” eramaten dituzte. 

Mozorro Zurien ohitura aitzinatik dator. Mitxelenak jakinarazi duenez, “lehen mendi mutil anitz bazen Arantzan eta negu partean herrira etortzen ziren eguraldi txarra zela eta. Orduan hasi ziren etxez etxeko buelta egiten eta hortik ohitura mantendu da”. Urtez urte beraz, “etxe anitzetan esperoan egoten dira” Mozorro Zuriak noiz agertuko ote diren. Hauek musika eta dantza eramaten dituzte bizilagunengana eta trukean, jan eta edana jasotzen dute. 

Mitxelenak aitortu du ez dituela iñauteriak musikarik gabe ulertzen: “Mozorroak etxeetara ailegatzean musika soinu hori beharrezkoa da. Ez ditut imajinatzen iñauteriak musikarik gabe. Horrek laguntzen du giroa sortzen”. Honen harira, pasa den urtean, urtero kantatzen dituzten abesti horiekin diska bat osatzeko ideia sortu zen. Aste Santuan mahai baten bueltan elkartu eta Mitxelenak berak etxean zuen grabagailu digital batekin kantuak grabatu zituzten: “Grabaketa xinplea izan da. Nik grabagailu digital bat dut etxean eta horrekin egin dugu dena. Ez da estudioko doinua, baina naturala da eta gure ideia nagusia hori zen, izaten dugun giroa erakustea eta uste dut lortu dugula”. 

Hamar kanta grabatu dituzte guztira, horietako batzuk “betitik kantatzen direnak eta bertze batzuk bertsioak dira”, Beñat Mitxelenak adierazi duenez. Tartean, kantu hauek daude: “Anis”, “Saltzen”, “Gogoaren baitan”, “Pottoka”, “Greziako itsasontzia”, “Ixil ixilk”, “Kalejira”, “Herriko bestak”, “Lau teilatu” eta “Hartzank basoa”. Behin lana eginda, aurten eskean aritzean, baserri eta etxeetan banatuko dute diska hau, opari eta eskertza gisa. Gainerakoek ere eskuratzeko aukera izanen dute, diska herriko ostatuetan salgai izanen baita.