Indarkeria matxista sufritu duten emakumeendako espazio iraunkor bat abian jarri dute Baztan-Bidasoan

Paola Oskoz 2025ko api. 9a, 09:49

2020tik ari dira lanean Baztan-Bidasoan indarkeria matxista pairatu edo pairatzen duten emakumeekin, musikoterapia tailerren bidez. Hala ere, denboran mugatuak ziren saioak eta aurtengo ikasturtean hauek luzatu eta, BAITekin elkarlanean, saio hezitzaileekin osatu dute espazio iraunkor bat. Gai desberdinak lantzen dituzte bertan, kontzeptualki, baina baita musikaren bitartez ere.

2020tik ari dira Baztanen, Xaretan, Bertizaranan, Malerrekan eta Bortzirietan indarkeria matxista pairatu eta pairatzen duten emakumeekin lanean, BAITekin batera (Biktimen Arreta Integralerako Zerbitzua) musikoterapia tailer batzuen bidez. Hala ere, tailer itxi eta denboran mugatuak ziren eta espazio iraunkor eta ireki batean bilakatzeko beharra ikusi zuten. Baztango eta Berdintasun Zerbitzuen laguntzarekin, baita eskualdeko udal eta osasun zentroekin elkarlanean ere, ikasturte guztian zehar luzatzen den espazio batean bilakatu dituzte hasierako tailer horiek. 

Nagore Huegun Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuko teknikariak “ibilbide bat” egon dela azpimarratu du, “gizartean izaten ari den sentsibilizazioarekin bat” datorrena. Berdintasun Zerbitzuak sortu aitzinetik, gizarte zerbitzuen afera zen indarkeria matxista sufritzen zuten emakumeak artatzea. Behin Baztango eta Bortzirietako Zerbitzuak eraikita, konpromezua ere areagotzen joan da eta elkarlan handia egon dela ere onartu du Huegunek, bai eskualdeko udalekin, baita gizarte zerbitzu eta osasun zentroekin ere. Horretarako, ezinbertzekoa izan da berdintasun zerbitzuek emakumeak artatu behar dituzten zerbitzuetako profesionalei formakuntza eskaintzea: “Prestakuntza espezifikoak emateko prestatu gara, beri ere eskualdean genituen premiak identifikatuta. Bortzirietako teknikari bezala bertan egin dut nik, baina eskualde mailan hartu-eman handia ere izan dugu. Zenbait zerbitzu komun ditugu eta baliabideak probestea garrantzitsua da. Komunikazioa etengabekoa da”. 

Gaur egungo espazio iraunkorra sortu aitzinetik, Nafarroako Gobernuko zerbitzua den BAIT, Biktimen Arreta Integralerako Zerbitzua, izan dute bidelagun eskualdean. Bertako profesionalekin hasi ziren hiru hilabeteko musikoterapia tailerrak eskaintzen eta beraien eskutik bihurtu da hau orain modu iraunkorrean eskaintzen dituzten saioetan. BAITeko profesionalentzat ere lagungarri da hau guztia, izan ere, eremuka banatzen dira bertako hezitzaileak eta eremu zabalegiak hartzen dituzte. Errate baterako, Baztan, Malerreka eta Bortzirietara bideratutako lan taldeak Iruñerria eta Nafarroako ipar-ekialdea eta ipar-mendebaldea hartzen ditu ere. Eremu hagitz zabala da eta profesional gehiaghoren beharra antzeman eta salatu dute.

Edonola ere, indibidualki artatzen ditu BAITek gure eskualdeko emakumeak eta lan hori Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan sortu berri duten espazio iraunkor honekin uztartzen dute orain. 2020tik egin bezala, musikoterapia tailerrekin segituko dute, Haizea Loira Matxiñenak ematen dituenak. Ikasturte honetan gainera, BAITeko hezitzailearen eskutik, zenbait saio hezitzaile ere eginen dituzte, indibidualki ematen diren egoerak kontzeptualki ulertzeko. Loira musikoterapeutak berak azaldu duenez, “guzti honek balio dezan indarkeria egiturazkoa dela ulertzeko eta indibidualetik harago doala. Gauza askok izena dutela eta kontzeptuak direla ikusteak guztia arindu dezake”. 

Saio hezitzaileak eta musikoterapia

Aurten martxan jarri duten saio hezitzaileekin batera, musikoterapia saioek ere aitzinera segituko dute. Orain dela bortz urte hasi ziren azken hauekin eta balorazioa positiboa izanik, beti ere hobekuntza gaineratuz, musikarekin lanean jarraituko dute. Haizea Loira musikoterapeutak jakinarazi duenez, “hasieran musikoterapia tailerrak apustu bat izan ziren, Makomunitateak eta gizarte zerbitzuetatik konpromezua zegoelako. Urtero egin da geroztik, emakumeak ongi baloratu dituztelako”. Musika tresna gisa erabiltzean, “eraldaketa edo berreskuratze” bat edukitzen dute emakumeek Loirak azpimarratu duenez, eta teknika aktibo eta rezeptiboekin lantzen dute hau guztia, hau da, egitearekin eta emozioekin. Momentuko beharretara ere egokitzen da musikoterapeuta, “hemen eta orain” gertatzen direnak kontuan hartuta, horrek konektatzen baititu emakumeak ere hemen eta orainarekin. 

Orain arte tailerretan parte hartu duten emakumeek adierazi dute saio hauek baliagarriak izan direla. Hain zuzen ere, “autoezagutzarako, ahalduntzeko, ulertua sentitzeko, epaitua ez sentitzeko, leku seguru bat edukitzeko, besteekin modu osasuntsuan harremantzeko, entzuteko eta entzuna izateko, konfiantza lantzeko, bakarrik ez sentitzeko eta indarrak hartzeko” izan dira emakumeek egindako balorazioetako batzuk. Haizea Loirak ere bere balorazio propioa egin du eta aipatu du “kohesio oso polita sortzen” dela. 

Aurten, musikoterapia saioez gain, saio hezitzaileak ere izanen dituzte partehartzaileek, BAITek eskainiak. Huegunek jakinarazi duenez, “hezitzaileekin gai batzuk landuko dituzte, gero musikoterapiaren bidez lurreratuko dituztenak”. Hilabetero gai zehatz bat landuko dute, dagoeneko prest dituztenak, baina beharretara ere egokituko direnak. Horietako batzuk autoezagutza, bikote harremanak, maitasun erromantikoa edota autoestimua dira. Modu hezitzailean landu ondotik, musikaren bitartez ere gauza bera eginen dute. 

Espazio iraunkor eta irekia

Hilabetean hiru topaketa antolatzen dira espazio honi dagokionez, Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan egiten direnak. Espazio irekia ere dela diote Huegun eta Loirak eta indarkeria matxista pairatzen dutenei ez ezik, sufritu duten bizirauleentzako ere irekiak daude. Espazio ziur bat bermatu nahi dute honela emakume horientzat, Huegunek erran duenez, “jakitea hor gaudela eta ongi etorriak direla”. Emakume horien presentzia bermatzeko ere “garraiobidea eta zaintza zerbitzua” eskaintzen dute, partehartzaileek eragozpenik eduki ez dezaten bertan egoteko. 

Informazio gehiago edukitzeko ere zenbait bide daude. Baztanen gizarte zerbitzura, osasun zentrora edo berdintasun zerbitzura (613 00 36 34) jo daiteke. Malerrekan berriz, Mankomunitatera edota osasun zentrora, eta Bortzirietan azkenik, gizarte zerbitzura, osasun zentrora edota berdintasun zerbitzura (722 69 30 78). Musikoterapia tailerrak eskaintzen dituen Hazi Terapia Zentroarekin ere harremanetan jar daiteke edonor (655 74 76 95), edota BAIT zerbitzuarekin ere (848 46 38 50).