igantziko bestak

Larraitz Eugi: «Nabari da bestak heldu direla eta jendea konten dago»

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 23a, 10:00

Heldu den irailaren 26tik 30era ospatuko dituzte Igantziko bestak, San Migelak. Pasa den asteburuan hasi dira motorrak berotzen herrian egin diren ekintzekin, eta Larraitz Eugi igantziar gazteak erran digu herrian nabari dela giroa dagoeneko: «Niri asteburua hagitz aunitz gustatu zait. Herriko bestak arront gustukoak ditut».

Altxaferoa bota eta besta lehertu. Horixe pasatuko da Igantzin ortziralean herriko bestak hasten direnean. Irailaren 26tik 30era ospatuko dituzte aurten San Migelak, eta Larraitz Eugi igantziar gaztearekin biltzeko aukera izan dugu besten atarian. «Herriko bestak arront gustuko» dituela erran digu.

Izan ere, inauteriei buruz aritu ginen berarekin solasean orain dela hilabete batzuk eta bi ekitaldien artean «aukeratu ezina» sentitzen duen arren, nabari zaio hurrengo astebururako gogoz dagoela: «Ortziralearekin hasten ditugu bestak, txupinazioarekin. Gero afaria izaten dugu, eta egun desberdinetan gauza anitz izaten ditugu», erran digu.

Denentzat osatutako egitaraua

Haur, gazte zein heldu, denek izanen dute aurtengo bestetan gozatzeko aukera. Horretarako, ohi gisan, egitarau oparoa antolatu dute.

Irailak 26, ortziralea

  • 17:00: Goitibehera txapelketa
  • 20:00: Altxaferoa Elutxa txarangarekin
  • 20:30: Karrikabuelta kankailuekin eta buruhaundiekin gaiteroek lagunduta
  • 00:00: Kontzertuak: Tatxers eta Bad Sound System

Irailak 27, larunbata

  • 10:00: Karrikabuelta txistulariekin
  • 11:00: Toka txapelketa frontoian haurrentzako eta helduentzako
  • 12:00: Txistu kontzertua elizako atarian
  • 18:00: Herri kirolak: Nafarroako arpana txapelketa mistoko kanporaketa, fardo altxatze erakustaldia bi bikoteren eskutik, eta herriko gazteen arteko desafioa.
  • 20:00: DJ Tracka
  • 00:00: Betizuak zezen plazan
  • 01:00: Erromeria Gabezinekin

*17:00etatik aitzinera Puntu morea izanen da

Irailak 28, igandea

  • 10:00: Karrikabuelta gaiteroekin
  • 12:00: Karrikabuelta kankailuekin eta buruhaundiekin gaiteroek alaiturik
  • 17:00: Pilota partidak. Lehenengo partidan herriko neska eta mutil gaztetxoen partidak; bigarrenean Etxarri Aranazko Gure Pilota Klubaren eskutik neska gazteen gomazko paleta erakustaldia eta hirugarrenean gizonezkoen afizionatuen elite mailako desafioa. Nafarroatik Beñat Apezetxea eta Hegoi Txoperena, eta Gipuzkoatik Julen Alberdi eta Oihan Etxeberria.
  • 19:30: Muxikoak
  • 20:30: Trikipoteoa Haitz Martinekin eta Ane Urbietarekin.
  • 21:30: Haurrentzako zezensuzkoa

Irailak 29, astelehena

  • 09:30: Karrikabuelta txistulariekin
  • 10:30: Karrikabuelta ezpata dantzariekin eta txistulariekin
  • 11:30: Meza nagusia abesbatzak kantatua
  • Ondotik bandera arbola doinuari dagokion ikurrinaren agurra herrian barna, eta ezpata dantzarien eta dantzarien saioa.
  • 17:00: Soka dantza
  • 19:00: Belfast mariatxiak

Irailak 30, asteartea

  • 09:00: Gazteen gosaria
  • 10:00: Karrikabuelta txistulariekin
  • 10:00: Haurrentzako puzgarriak frontoian
  • 11:00: Haurrentzako animaliak zezen plazan
  • 12:00: Betizuak zezen plazan Joselontxos txarangarekin
  • 14:00: Haurrentzako herri bazkaria
  • 14:00: Herri bazkaria Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin
  • 15:00: Haurrentzako puzgarriak frontoian
  • 19:00: Joselontxos txaranga

Motorrak ongi berotuta

Pasa den asteburuan ere kontu anitz izan dituzte herrian, eta Eugik aipatu digu «giroa sumatzen dela». Gaineratu du, «jende konten» dagoela bestak datozelako, hain zuzen, urteko data garrantzitsuak baitira herrian: «Urtean zehar mugimendu gutti izaten da herrian, baina bestetan ostatu ezberdinak paratzen dira. Dagoeneko ireki dugu txozna asteburuan, gazteok ere herriari zerbitzu bat eman eta bertan disfrutatzeko», azaldu digu.

Iraila hondarreko egunetan parranda egitea uda agurtzeko modu bat ere izan daiteke, eta beraz, Eugik «denak» gonbidatzen ditu Igantzira agertzera eta bestez gozatzera.

 

Argazkia: Erran.eus.