ChatControl 2.0: segurtasunaren izenean pribatutasuna arriskuan

Aitor Errazkin 2025ko ira. 25a, 17:03

Europar Batasunean berriz ere mahai gainean dago ChatControl 2.0 lege polemikoa. Helburua adingabeak babestea dela diote, baina komunikazio digitalen pribatutasuna arriskuan jartzen du. Enkriptazioa apurtu eta elkarrizketa guztiak ikuskatzeko aukera ireki nahi dute gobernuek, eta horrek eztabaida sakona piztu du.

ChatControl 2.0 legearen proposamenak helburu ofizial argia du: haur eta nerabeak pornografia zein abusu sexualetatik babestea. Diskurtso horren atzean, ordea, kritiko askok ohartarazi dute legeak biztanleriaren komunikazio digitalen gaineko gainbegiratze masiboa ekarriko lukeela. WhatsApp, Signal edota Telegram bezalako aplikazioen enkriptazioa zalantzan jarriko litzateke, eta gobernuek aukera izango lukete mezu pribatuak ikusteko.

Horrek esan nahi du, praktikan, gutun bat ireki, irakurri eta berriz ixteko aukera edukiko luketela estatuetako agintariek. Bitartean, goi-kargudun politikari eta militarrek salbuespenen bidez pribatutasuna mantenduko lukete. Herritar arruntek, ordea, pribatutasuna galtzeko arriskua izango lukete, segurtasunaren izenean.

Ez da lehen aldia lege hau proposatzen dena, eta ezta lehen aldia atzera botatzen dena ere. Irailaren 12ko bozketan ez zen aurrera atera, baina urriaren 13-14ean berriz bozkatuko da. Espainiako estatuak aldeko botoa eman du, eta Barne Ministro den Grande-Marlaska legearen defendatzaile sutsua da. Frantziak, aldiz, hasieran kontra egin bazuen ere, azken bozketan aldeko botoa eman zuen, eta horrek legearen etorkizuna erabat baldintzatu dezake.

Atzeko ate baten bidez enkriptazioa ahulduz gero, horrek ez luke soilik gobernuen eskuetan geratuko; edonorrek, baita hackerrek edo estatu autoritarioek ere, aukera izango lukete datu pertsonaletan sartzeko. Aurrekaririk ere badugu: AEBetan, 1994an onartutako CALEA legeak atzeko ateak ezarri zituen, eta gero Txinako gobernuak horiek espioitzarako erabili izan zituen.

Horregatik, hainbat kolektibo, hala nola Xnet, mobilizatzen ari dira. Informazio kanpainak egiten dituzte eta herritarrak animatzen dituzte politikariei idaztera, ChatControl legearen aurka presioa egiteko. Haien ustez, txiki dirudien ekintza honek —eposta bat bidaltzeak— tantaz tanta itsaso oso bat sor dezake.

Azken finean, auzia argia da: noraino iritsi behar du segurtasunaren izenean egiten den kontrolak? Benetan babesa ekarriko du, ala pribatutasuna desegingo duen ate arriskutsu bat irekiko du? Herritarren esku dago eztabaida hau bizirik mantentzea eta eskubide digitalen aldeko presioa egitea.