Bor Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak bigarren urtez segidan antolatu du Bortzeguna, bortziritarrak euskararen bueltan biltzeko eguna. Iaz Etxalarren egin zuten lehen aldiz ospakizuna eta aurten, Lesakara lekualdatu dute. Ideia da, urtez urte, bortz herrietatik igarotzea besta. Urriaren 11an ospatuko da aurten Bortzeguna, “solasa, euskararen asnasa” lelopean, eta egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. Aldarrikapenerako momentuez gain, argazki-murala, bertsolariak, bazkaria, muxikoak eta kontzertuak izanen dituzte, bertzeak bertze.
Zuriñe Erkizia Bortzegunearen antolatzaile taldeko kideak azaldu du ospakizun honek “bortziritar guztiak elkartzea” duela xede, beti “euskararen alde”. Izan ere, nahiz eta Bortzirietako herriak arnasguneak izan, eta bertan euskara indartu, Bor Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak uste du egokia dela “egun bat edukitzea hori ospatzeko eta denak elkartzeko horren alde egiteko”. Iaz ospatu zuten Bortzegunaren lehen edizioa Etxalarren, aurten berriz Lesakan eginen da. “Ideia da herri guztietan ospatzea eta aurten, Lesakan eginen da, antolakuntza aldetik errazagoa delako eta hemengoak ginelako antolatzaile taldeko gehienak. Gainera ikastetxeetako haur eta guraso gehiago daude hemen eta horrekin, jende gehiago batzea espero dugu”.
Bigarren edizioaren antolaketa ez da erraza izan hasiera batean: “Hasieran kosta zen aurtengoa antolatzea. Bizpahiru bilera egin genituen talde sustatzaile bat sortzeko eta hor mahaigaineratu zen bestarekin aitzinera segitzea edo ez. Zirriborro batzuk sortu genituen eta horren arabera, talde eragilea ere handitu genuen. Proposamena bidali genuen ondotik eta jendeak baiezkoa eman zuen. Ikusi genuen egiten ahal zela eta, kostata, baina azkenean talde nahiko kozkorra bildu dugu”. Lan taldean bortz herrietako ordezkariak daudela oroitarazi du Erkiziak.
Egun osoko egitarau zabala izanen du Bortzegunak
Iazko edizioan, Etxalarren, “150 bat pertsona” bildu zirela jakinarazi du lesakarrak, goizean gutixeago ibili zirela, baina bazkaritik aitzinerako ekitaldietan jende mordoak parte hartu zuela eta “balorazio positiboa” egin zuela talde antolatzaileak. Gauza bera espero dute aurtengo ediziorako, baita kopuru hori gainditzea ere. Horretarako, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko dute eguna, Landazelaitan aterako duten argazki-muralarekin. “Orain dela urte batzuk Berako Matzada futbol zelaian elkartu ginen Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen logoa dron batekin, airetik, grabatzeko. Gauza bera egin nahi dugu aurtengo leloarekin”, adierazi du Erkiziak. Ondotik, kalejira-manifestazioa abiatuko da Plaza Zaharrera. “Herri guztiak bilduko gara eta bakoitzak bere pankarta eramanen du, nahi duen aldarrikapen, mezu edo marrazkiarekin. Herri guztietako erraldoiak eta musikariak gonbidatu ditugu parte hartzera ere”, erran du lesakarrak. 12:30ean berriz, Plaza Zaharrean, “lesakar batek idatzitako adierazpena irakurriko da. Lehenagotik bertsolariak izanen dira eta ondotik, ikastetxeetako haurrek dantza bat eskainiko dute”.
Mahaiaren bueltan bilduko dira gero bortziritarrak. 14:00etan hasiko da plazan Bortzeguneko bazkaria. Txartelak dagoeneko salgai daudela oroitarazi du Zuriñe Erkiziak, Bortzirietako bortz herrietan, eta urriaren 5era arte eskura daitezke (helduek 20€ eta haurrek 10€). Bazkalondoan, haur txokoa egonen da hainbat jolasekin eta bingo berezia ere eginen dute: “Ez da bingo normala izanen, ezta musikatua ere. Euskararen eguna denez, euskararen inguruko bingoa izanen da”. Bazkalondoa borobilduta, musika eta dantzaren txanda izanen da egunaren bukaera bitarte. Jeiki Hadi taldearekin muxikoak dantzatzeko aukera izanen da, 18:30ean, Moltzoko Txaranga ibiliko da ondotik herriko kaleetan barrena eta bukatzeko, 22:00etan, Iratzar taldearekin erromeria igoko da oholtza gainera. Eguerditik aitzinerako ekitaldi guztiak Plaza Zaharrean izanen dira, eta euria eginen balu frontoira lekualdatuko lirateke. Goizeko argazki-murala berriz, bertan behera geldituko litzateke, drona ezin baita aireratu euria ari duela.
Auzolanean ospatzen den besta honetara bortziritar guztiak animatu nahi izan ditu Zuriñe Erkiziak, baita Bortzirietatik kanpokoak ere, “denen artean egindako besta, denek elkarrekin gozatzea” dutelako helburu nagusia.