Otsailetik aurrera Irundik Elizondora bizikletaz joan ahal izango da Bide Berdetik atera gabe

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 3a

Cederna-Garalurrek garatutako 1,6 milioi euroko proiektuari esker, Lekarozen, Baztan erreka gaineko zubiaren lanak oso aurreratuak daude, eta otsailerako Irundik Elizondoraino 57,5 kilometroko ibilbidea bizikletaz egiteko aukera izango da Eurovelo proiektuaren Atlantikoko ibilbidearen parte den Bide Berdetik atera gabe, Bidasoa ibaiaren bazterretik, 'Tren Txikito' zenaren trazadura jarraituz.

Garai bateko 'Tren Txikito'ren ibilbidea edo trazadura jarraituz, Bidasoko Bide Berdean zehar Irundik Elizondoraino bizikletaz joateko aukera izango dugu aurki. Doneztebetik (Malerreka) Elizondora (Baztan) doan 15,3 kilometroko azken zatia 2026ko otsailerako prest egongo dela iragarri du proiektua kudeatzen duen Cederna-Garalurrek. Tarte hau garatzeko, 1.682.969 euroko inbertsioa egin dute, Lekarozen, Baztan errekaren gaineko zubi bat eraikitzeko. Eta lan hauek oso aurreratuak dituzte. 38,73 metro luze eta 3 metro zabal dituen egurrezko egitura du zubi honek. Eta Bide Berdea lotuko duen tarte berri honi esker, Norvegiatik Portugaleraino doan Eurovelo bide zikloturistaren Atlantikoko ibilbidearen parte den tarte berri honi esker, Irundik Elizondora dauden 57,5 kilometroak bizikleta bidetik atera gabe egin ahal izango dira. Europa puntatik puntara zeharkatzen duten distantzia luzeko 16 bizikleta ibilbideen sarea da Eurovelo, eta ibilbide guztiak amaitutakoan, 90.000 kilometro bizikleta bidek osatuko dute.
 
Proiektuaren eramaileek nabarmendu dutenez, azpiegitura honek ingurumenarekin errespetuzko turismo aktiboa bultzatzeaz gain, Bidasoaldea, Bortziriak, Malerreka eta Baztan eskualdeetako herrien arteko garraio jasangarria eta segurua hobetzeko aukera emango du ere, hainbat udalerritan daukaten ibilgailu motordunaren dependentzia apalduz. 
 
Proiektuaren eramaileek diotenez, «amets kolektibo» bat betetzen da proiektu honekin. Burdinbide historiko baten ibilbidean zehar, Bidasoa ibaia bustitzen duten herri guztiak lotzearena, garapen iraunkorraren irizpideetan oinarrituta. Gogoan hartu behar baita, 'Tren Txikito' eskualdeko herritarren arteko harremanak estutzeko eta ekonomia suspertzeko giltzarri izan zela 1916 eta 1956 urteen artean. Eta gaur egungo behar eta garraio erronka berriei egokituta, belaunaldi berriek bide berbera egin ahal izango dute orain bizikletatik jaitsi gabe.