Xardango elkartea sortu dute «kili-kolo dagoen lehendabiziko sektoreari eusteko»

Ekhiñe Zapiain 2025eko urriaren 27a

Pasa den astean aurkeztu zuten Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako ekoizleak bilduko dituen Xardango elkartea. Donezteben egin zuten aurkezpena, eta datozen asteetan eskualdean izanen diren feria eta azoketan haien produktuak biltzen dituzten saskiak salduko dituztela iragarri zuten.

«Xardango bat pisu handia duen edo hausteko arriskua duen zerbait eusten duen makila edo haga da. Gure baserri eta baratzetan fruituz gainezka dagoen adar bat, edo haizeak kolpatzeko arriskua duen arbola bat eusteko erabiltzen ditugu xardangoak». Erabilera hori oinarrian hartuta aurkeztu zuten joan den astean Donezteben Xardango elkartea. Ia bi urteetako prozesuaren ondotik sortu duten elkartea da, lehen sektoreari bultzada bat emateko xedez osatu dutena.

Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako ekoizleak elkartu dira elkartea sortzeko. Izan ere, egindako prentsaurrekoan elkarteko kideek argitu zuten azken urteetan eskualdean bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren aldeko pausoak ematen ari direla poliki-poliki, baina oraindik ere, badagoela zer egina: «Zenbait jangela publikoetan sasoiko eta gertuko produktuen aldeko apustua egin da, merkatuetan bertako ekoizleak indartzen dira, kontsumo aldetik kalitatezko eta gertuko produktuak bilatzen dira… baina oraindik ere gauza aunitz dago egiteko, batez ere lehen sektorea indartu, lurrak elikagaiak ekoiztera bideratu, eta lanbide hau duina izan behar dela aldarrikatzeko bidean», adierazi zuten. Hala, elkarlanari segida emateko helburuz sortu dute Xardango.

Izenak berak duen erranahia kontuan hartuta, eskualdean oraindik kili-kolo dagoen lehen sektoreari eutsi nahiko liokete, «etorkizunean indar eta pisu handia hartu dezan».

Elkarteko kideak eta haien helburuak

Xardango elkartea osatzen duten kideak oraingoz hurrenak dira: Ainhoa Goñi (Lesakako Agorleku gaztandegia eta ardi latxak), Xiker Salaberria (Berako Beraska erlezain ekologikoa), Joseba Sarratea (Doneztebeko abeltzaina eta frutagintza), Arkaitz Vicente (Sunbillako Lizun gaztandegia eta ardi hazlea), Maite Urroz (Donamariako Kibbi Sat, kiwi eta sagar ekoizlea), Maialen Txantre (Berako baratzezaina, Zugarramurdiko barazkiak freskoan saltzeko) eta Haizea Belarra (Berako Erlanki ezti ekologikoko erlezaina).

Prentsaurrekoan helburuen dekalogoa ere aurkeztu zuten, nagusiena nekazaritza eta abeltzaintza eredu iraunkorra sustatzea izanik:

  1. Bertako arrazak eta barietateak sustatzea.

  2. Eskualdeko produktuak promozionatzea.

  3. Sektorea balioan jartzeko nekazariak, abeltzainak eta eraldatzaileak elkartu eta indar bat sortzea.

  4. Merkaturatzea kolektiboki antolatzea.

  5. Jantoki kolektiboak hornitzea (ikastetxeetako eta zahar egoitzetako jantokiak, bertzeak bertze)

  6. Sektorean instalazio berriak sustatzea.

  7. Azoka berriak antolatzea eta daudenak indartzea.

  8. Ekoizleen beharretara egokitutako formakuntzak antolatzea.

  9. Kontzientzia sortzea.

 

Argazkia: naiz.eus