Askatasun digitala eta burujabetza teknologikoa

Aitor Errazkin 2025eko abenduaren 9a

Gaurko programan gure oinarrietako bati helduko diogu: askatasun digitalari eta burujabetza teknologikoari. Zer esan nahi dute kontzeptu horiek eta nola eragiten digute egunerokoan? Interneten jatorrizko filosofia deszentralizatuaz eta gaur egungo erronkez ariko gara. Gainera, oligopolio teknologikoek gure eskubideetan duten eragina aztertuko dugu. Eta jakina: alternatiba aske eta komunitarioen inguruko gogoetak ere ekarriko ditugu.

Gaurko programan gure proiektu osoaren oinarrian dauden kontzeptuez ariko gara: askatasun digitalaz eta burujabetza teknologikoaz. Lehenengo galdera betikoa da, ezinbestekoa: zer da burujabetza teknologikoa? Zer adierazten du horretaz ari garenean?

Nik gehien gustatzen zaidan definizioa 2019ko Euskarabildua jardunaldietan Spideralexek azaldu zuena da: elikadura burujabetzaren definizio bera erabil dezakegu teknologiarako, “elikadura” hitza “teknologia” hitzagatik aldatuta. Ideia zoragarria da, eta partekatu beharrekoa. Horregatik, han irakurritako zati bat ekartzea merezi du:

Elikadura subiranotasunak elikadura sistema bidezkoagoa, jasangarriagoa eta tokiko beharretan oinarritutakoa sustatzea du helburu. Ekoizpen eta banaketa eredua komunitatearen interesei lotu behar zaie, kalitatezko elikagaiak sortuz eta nekazariei bidezko prezioa bermatuz. Komunitateak bere elikadura-sistemaren gaineko erabakiak hartzeko ahalduntzean datza oinarria: ongizatea eta nutrizioa lehenestea, onura ekonomiko hutsen gainetik.

Ikuspegi hori teknologian jarriz, ideia bera da: gure teknologia-sistemaren gaineko kontrola komunitatearen esku egotea, ez enpresa gutxi batzuen menpe.

Internetaren jatorria eta aldaketa historikoa

Burujabetzaren ideia hau ez da berria, eta Interneten sorreran bertan zegoen txertatuta. Internet, hasiera-hasieratik, deszentralizatua zen. Bakoitzak bere zerbitzariak, bere webguneak eta bere komunikazio-kanalak izan zitzakeen. Baina multinazional handiak erdigunean sartu ahala, hori guztia goitik behera aldatu da.

Pasadan mendeko 80ko hamarkadan jaiotako askok aldaketa hori zuzenean bizi izan dugu. Adibide garbia da posta elektronikoarena: 2000ko hamarkadan edozeinek kudeatu zezakeen bere posta zerbitzaria, domeinu ugari zeuden, eta aukera askeak pilatzen ziren. Gaur egun, berriz, posta elektronikoaren %70 inguru Gmailen esku dago. Berdin gertatu da blogekin eta edukien hedapenarekin: lehen blog propioak erabiltzen ziren; gaur sare sozialen menpekotasuna nagusitu da.

Hau guztia ez da kasualitatea: multinazional gutxi batzuek oligopolio moduko egitura bat sortu dute, gure eskubideak eta ongizatea bigarren planoan utzita.

Alternatibak badaude: fedibertsoa, software librea eta komunitatea

Zorionez, urte luzez aipatu izan dugun bezala, badira bestelako bideak. Fedibertsoa, software librea, RAP neurriak eta antzeko egitasmoak alternatiba sendoak dira, eta komunitateko kideen kontrolpean jartzen dute berriz sarearen egitura. Ez dira perfektuak, baina bidea markatzen dute: gardentasuna, autonomia eta parte-hartzea.

Beldurraren estrategia: atzo eta gaur

Beste dinamika kezkagarri bat ere badugu: beldurra eta zigorrak erabiltzea sareko jokabideak kontrolatzeko. Duela 20 urte SGAEk piratak ginela esaten zigun filmak Internetetik jaisteagatik. Gaur egun, LaLigak esan ohi du pirateria laguntzen dugula, eta astero-astero Internet-mozketak jasaten ditugu. Bi estrategia hauen artean paralelismo argia badago: beldurra sortzea, kontrola handitzea eta, azken finean, diru-sarrerak handitzea (kanonak eta bestelako zergak ezarri ziren bezala).