Hogeita seigarren aldiz taldeka bertsotan

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 23a

Bortzirietako bertso-eskolaren XXVI. Taldekako lehiaketa eginen dute heldu den abenduaren 27an. Eguerdiko 13:00ean Berako Espidobaita elkartean hasi, eta Lesakako Arrano ostatuan izanen dute final handia afalondoan. Estitxu Arozena bertso-eskolako kideak eman digu taldeka kantatzea lege duen norgehiagoka honen berri.

Bakarrik ezin da lagunekin bai dio kantu zahar batek, eta hori ederki dakite Bortzirietan bertsogintzan dabiltzanek. Bertako bertso-eskolak hogeita seigarren aldiz antolatu du aurten taldekako lehiaketa; abenduaren 27an (larunbata) eginen dute. Eguerdiko 13:00ean Berako Espidobaita elkartean hasi, eta bazkalondoan Lesakara lekualdatuko dira. Finalerdiak bertako ostatuetan egin eta afalostean izanen dute final handia Arrano ostatuan.

Plazara salto egiteko aitzakia

Bertsolari anitzentzat jende aitzinera salto egiteko aitzakia izan da Bortzirietako bertso-eskolaren taldekako lehiaketa. Hori ederki daki Estitxu Arozena bertsolariak, urteak baitaramatza bertso-eskolako irakasle lanean. Hala azaldu digu zein den lehiaketaren funtsa: «Izenak erraten duen moduan, taldekako lehiaketa bat da. Maila ezberdinetako bertsolariak taldekatzen ditugu, eta taldean abesten da. Ostatuetan, elkarteetan… halako leku informaletan egiten den maratoi gisako eguna da. Afalondoan egiten da finala, eta hor izaten da momentu gorena».

Eskarmentua badute antolatzaile lanetan, mende laurden baino gehiago aritu baitira horretan: «90. hamarkadaren bigarren erdialdera hasi zen egiten. Arrazoi ezberdinengatik urte batzuetan ez da egin, baina aurten hogeita seigarren aldiz ospatuko dugu. Hasieran bertso-eskolako ikasleak aritzen ziren, eta inguruko bertso-eskoletakoak ere etortzen ziren kantatzera. Gero, talde gonbidatuak ere ekarri izan ditugu herri ezberdinetatik, bertso truk formatua delakoaren barrenean», azaldu du Arozenak.

Ohitura zahar baten itxura berria

Urtea agurtzeko errituala izanen da batzuentzat Bortzirietako taldekako lehiaketa, eta horri begira jarriak dira jada: «Aurtengoak hagitz itxura polita du. Data aukeratzea geroz eta gehiago kostatzen zaigu, gure jendeak geroz eta okupatuagoak ditu agendak! Baina 16 bertsolari eta bi ordezko baditugu izen-emanak dagoeneko. Ariketak bereziak izaten dira, informalagoak. Lehendabiziko proba Espidobaitan (Beran) eginen dugu, eta gero arratsaldean taldeka eginen ditugu (Lesakan)», erran digu antolatzaileak.

Aitzineko urteetako bide berean segituko dute aurtengoan ere, baina berrikuntza batzuk ere badituzte esku artean: «Aurten, berrikuntza bezela, bertso musikatuen ariketa eginen dugu. Inprobisatzen arituko gara baina gitarraren laguntzaz. Horrez gain, badaude bertze ariketa berezi batzuk: tabua, kartak banatu eta musean bertsotan aritzearena, trikitixarekin koplaka… Giro onean tarte bat pasatzeko aitzakia ederra da».