Antxeta Irratiak joan den ekainean Irungo auzo patruilei buruz argitaratu zuen ikerketa lanak 2026ko Argia Saria jaso du gaur, Usurbilgo Atxega Jauregian ospatu den sari banaketa ekitaldian. Argitalpen honen artikulu sortak eta bideo erreportaiak Interneten izan zuen oihartzuna aintzat hartu dute, Koldo Nausia eta Aimar Lopez kazetariek hainbat hilabetez egindako ikerketa lana saritzeko.
Urte osoan zehar, ARGIAn lanketa egin ondoren, udazkenean herritarrei galdetu zitzaien proposatzeko Argia Sariak nork merezi dituen, eta urtero bezala, ARGIAko lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2025an. Ez dute dirusaririk saridunek, baina ARGIAren aitortza eta aurten Anton Mendizabalen lekukoa hartu duen Alaia Gaztelumendi eskultoreak egindako zeramikazko garaikurra jaso dute Antxeta Irratiko bi kazetari bidasoarrek.
Argia Sarien 37. edizio honetan hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ehun lagun inguruk parte hartu dute, eta Jon Torner eta Aimar Uribesalgo 'Kevin' Beranduegi podcasteko kideek aurkeztu dute 16:00tan ospatutako sari banaketa ekitaldia. ARGIAren webgunean egongo da informazio guztia. Iragarri dutenez, 20:00etan saio osoa ikusi ahal izango baita.
Orotara sei sari banatu dituzte aurten. Antxeta Irratiak jasotakoaz gain, internetekoa Ingumak, ikus-entzunezkoa Enarak dokumentalak, prentsakoa Jakin aldizkariak, komunikazio kanpaina Aroztegiko Elkartasun Komiteak eta merezimenduzkoa Zenbat Gara elkarteak jaso dute.