Kopla kantari aritu dira Bortzirietan

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 5a

Tantirumairu ikastolako ikasleak kopla eskean atzo

Lurra ernatzeko, makil-kolpeak. Atzo izan zen Santa Ageda bezpera eguna, eta koplek, baserritar jantziek eta makil-hotsek astindu zituzten Bera eta Lesaka. Azken urteetan Tantirumairu eta Labiaga ikastoletako ikasleek ohitura zaharrari eusteko ahalegina egin dute. 

Negu hotzetik lurra ernatu eta udaberriaren etorrera iragartzeko makil-kolpez jotzea eta koplak kantatzea proposatzen du Santa Ageda bezperako ohitura zaharrak. Kristautasunaren kutsua hartu zuen gero errituak, gizon boteretsu bati ezezkoa erratearren moztu baitzizkioten bularrak Agedari, eta ondotik santu izendatu. Gurean baina, lehenagotik bizirik zegoen ohitura bat zen kopla-kantarizko eskea, neguko solstizioa eta lurraren iratzartzea iragartzen zituena. 

Ohiturak baina, mantendu egin behar dira irauteko, eta beti ez da hala izaten. Bortzirietan baziren urte batzuk Santa Ageda bezperako kopla-eskea apal zebilena, eta azken urteetan Berako Labiaga ikastolak eta Lesakako Tantirumairu ikastolak esfortzu berezia egin dute errituaren berreskurapenean. 

Atzo goizean lesakarrak herrian barrena aritu ziren kantari, trikitixa lagun. Beratarrek aldiz, arratsaldean izan zuten kopla-kantari aritzeko aukera, eta Eztegarako eraikinean egindako meriendarekin borobildu zuten eguna. 

Hemen atzo Labiaga ikastolakoek egindako laburpen bideoa: