inauteriak

'Puxka-puxka' Arantzan eta mozorroak Igantzin

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 6a

Inauteriak ailegatu dira Bortzirietara. Arantzan atzo hasi zituzten inauteriak, eta igantzin gaur izanen dute hastapena. Asteburuan bi herrietan izanen da zer egina eta zer gozatua.

Badirudi zerua ere poztu dela inauterien etorreraz. Atzo kosta bazitzaion ere, gaur zeru garbiarekin gozatuko dituzte inauteriak Bortzirietan. Izan ere, Arantzan eta Igantzin asteburu honetan izanen dute mozorrotzeko txanda, eta heldu den aste hondarrean tokatu zaie Etxalar, Bera eta Lesakari.

Mozorro zuriak eta buzo urdinak

Arantzan atzo (otsailak 5) bota zuten inauterien hasiera iragartzen duen suziria. Goizean mozorro zuriek gosaria egin zuten Primi ostatuan, eta ondotik eskolako ikasleekin bildu ziren. Bizkarrekoak jantzi eta dantzan aritu ziren elkarrekin. Puxka-puxka ibiltzeko tartea hartu zuten mozorro zuriek gero, eta baserriz-baserri ibili ziren Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariekin. Ilunabarrean afaltzera Primi ostatuko mahaiaren bueltara elkartu ziren, eta Burlada jatetxean emakumeen afaria egin zuten.

Gaur (otsailak 6), Buzo urdinaren eguna izanen da. Eskolako haurrak Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea auzoetan ibiliko dira eskean. Mozorro zuriek Primi ostatuan gosalduko dute berriz ere, eta herrian arituko dira puxka-puxka. Eguerdian Pabloenea jatetxean bazkaldu, eta mozorro ttikiei ongietorria eginen diete ilunabarrean. 21:00etan bertso afaria izanen da Aterpen Xabat Illarregi eta Xebastian lizaso bertsolariekin. Arratsa Belfast taldeak girotuko du, 01:00etatik aitzinera.

Bihar (otsailak 7), eskolako haurrak Eguzkialdea auzoan eskean ibiliko dira, eta mozorro zuriak eguerdian Burlada jatetxean bazkalduko dute. Arratsaldean, herritar guztien kalejira izanen da musikariekin eta txokolatea banatuko dute. Ilunabarrean herri kirolak eginen dituzte mozorro zuriek, eta ondotik, Ekaitza Elkartean afalduko dute. Gabezin taldeak girotuko du gaua plazako dantzaldiarekin.

Igantzin ere mozorroak prest

Gaur (otsailak 6), herriko gazteak bildu eta etxez-etxe eskean ibilita hasiko dituzte inauteriak Igantzin. Arratsaldeko 17:00ean guraso elkarteak Mugi Dubi Doo ikuskizuna antolatu du (dantzak, musika, jokoak, malabareak…). Ondotik merienda banatuko dute eta arratsean eskean aritutako gazteek afaria eginen dute Biltokin.

Bihar (otsailak 7), goizeko 08:00ean hasita, gazteak etxez-etxe eskean ibiliko dira musikarien laguntzarekin. Eguerdian, guraso elkarteak antolatutako bazkaria izanen da eskolako jantokian, eta Baratzondo elkartekoek ere bazkaltzeko elkartuko dira. Bazkalondoan, musika izanen dute eta 18:00etatik 21:00etara DJ Infernu izanen da frontoian.

Asteburuarekin aski ez eta heldu den ortzegunean (otsailak 12), eskolako neska-mutikoak mozorroak jantzita etxez-etxe eskean ibiliko dira Piedade, Frain, Sarrola, Berrizaun eta Irrisarri auzoetan. Arratsaldean guraso elkarteak merienda prest izanen du.