Baztan-Bidasoaldeko Bilgune Feminista aurkeztuko dute ortzirale honetan, martxoaren 13an, Elizondoko Gaztetxean (20:30). Bilgune Feminista nazionaleko kide diren eta eskualdean zenbait talde feministan ere lanean dihardutenek sortu dute Baztan-Bidasoaldeko bilgunea eta azarotik ari dira lanean, tokian tokiko erronkei kolektiboki aitzin egiteko helburuarekin. Geroztik hilabetean behin elkartu dira eta orain, taldea jende gehiagori irekitzeko momentua ailegatu zaie, kide berriak erakarri eta sare indartsu bat sortzeko.
Bilgune Feminista Euskal Herri mailan antolatua den sare feminista da eta, hortik abiatuta, eskualdez eskualde, lekuko errealitatea barne-biltzen dituzten taldeak sortzen dira. Orain artean, herri mailan talde feministak baldin badaude ere, Baztan-Bidasoaldean ez zen horrelako talderik osatua eta beraz, hori izan da Bilgune nazionaleko kide diren batzuen lana, Baztan-Bidasoaldeko Bilgune Feminista sortzea alegia. Maddi Larralde aranztarra da horietako bat eta berak, hau sortzearen helburua “talde feminista desberdinak biltzen dituen taldea osatzea” dela aipatu du, Baztan-Bidasoaldeko kide eta talde guztiekin “sare bat” sortzeko ideiarekin.
Herriz herri eta eskualdez eskualde lan egiten duten talde feminista hauek badute dagoeneko elkarren berri eta harremanak ere sortu dituzte azken urteetan: “Data puntualetan indartzen da harreman hori. Eskualde mailako erantzun bat emateko, egitarauak partekatzeko eta elkarrekin eragiteko, errealitatea antzekoa izaten delako”. Hala ere, data puntual horietatik harago joateko intentzioa du Baztan-Bidasoaldeko Bilgune Feministak. Larraldek adierazi duenez, “bertze egoera batzuetan ere sortzen diren ikuspuntu komunei aitzin egiteko asmoa dugu. Erantzunkizun falta dagoen egoera batzuk daudelako eta ez dakigulako nola erantzun horiei”.
Egoera komun horiei kolektiboki erantzutea da taldearen bertze helburuetako bat beraz, modu horretan ozenagoa delako euren ahotsa: “Espazio misto ugari daude eskualdean eta horietan erasotzat identifikatzen ez diren egoerak ematen dira, eraso txikiak badira ere. Hauei kolektiboki erantzuteko espazioa sortzea da honen helburua. Izan ere, anitz dira sortzen diren egoerak, desadostasunak edota deserosotasunak eta horiei kolektiboki erantzutea beharrezkoa da”.
Dagoeneko “ahulgune” batzuk identifikatuak ditu taldeak eta horiek “indartzeko helburuz” hasi ziren azaroan lanean. “Ikusi dugu espazio misto batzuetan gabeziak daudela, erantzunkizun eta baliabide faltagatik, eta horrelako espazioetara heltzeko interesa dugu”, gaineratu du Maddi Larraldek. Horrez gain, “data finkoetatik aparte, bertako landa eremuko erralitatea islatzea ere bada taldearen helburua”. Nahiko zabalak diren helburuak badira ere, gehiago fintzen joanen direla argitu du aranztarrak, gauza berriak sortzen diren bitartean.
Ortziraleko bilera taldearen orain arteko lana modu zehatzean erakusteko momentua izanen da, baita eurekin bat egiteko jendea erakartzeko aukera ere: “Nik uste dut gaur egungo errealitatean badela taldean sartzeko nahia, baina okupatuegiak gaudenez, zaila izaten da konpromisoa hartzea. Guk talde aktibo bat nahi dugu eta horretarako prest dauden kideak bildu. Guti gara %100ean sartu garenak, baina batzar feminista ireki honen helburua jendea animatzea da, bai talde feministetan dagoeneko aritzen direnak, baita indibidualki sartu nahi dutenak ere. Baztan-Bidasoaldean erantzun batzuk sortu nahi ditugu, lekuko errealitateari aitzin egiteko”.
Modu honetan, batzarra irekia bada ere, taldearekiko “konpromisoa” izanen duen jendea nahi du Bilgune Feministak. Hilabetean behin elkartzen dira eskualde mailan, baita nazio mailan ere, eta bertan presente egonen den jendea nahi dute, Larraldek azpimarratu bezala, “geroz eta prestutasun gehiago, orduan eta goxoago egiten delako lan”. Edonola ere, martxoaren 13ko aurkezpena gonbidatu du jendea aranztarrak, kolektiboki soilik egiten zaiolako aurre aldatu nahi den errealitateari.