Beñat Albisu eta Lide Urrestarazu Berako 20. Mendi Maratoi Erdian garaile

Lizar Elexpuru 2026ko apirilaren 20a

Emakumezkoetan Lide Urrestarazu lasterkari ordiziarrak hartu zuen aurrea; gizonezkoetan berriz, 20 urte bertzerik ez dituen nafarra gailendu zen, Beñat Albisu.

Belaunaldi desberdinetako korrikalariek lortu dute bertze urte batez Bera inguratzen duten mendiak lasterka zeharkatzea. Manttale mendi lasterketa taldearen konpromisoari esker, 20 urte bete baititu Berako Mendi Maratoi Erdiak. 9:30ean abiatu zen atzo lasterketa, eta 21 kilometroko ibilbide neketsuaren ostean, 11:21ean heldu zen lehen lasterkaria helmugara.  Guztira 430 korrikalarik hartu zuten parte proban, horietatik 425 ailegatu ziren helmugara.

Hasieran, Menttalera bidean, ikuspegi lausotua izan zuten korrikalariek lainoagatik. Hala ere, azkar oskarbitu zen zerua eta helmugara heltzerako, eguzki izpiek ongi etorria egin zieten partaideei. Herria jendez lepo zegoen, korrikalarien aurpegiak herritarren animo, algara eta txaloen artean alaitzen ziren; horregatik ere maitatua da erdi maratoia lasterkarien artean.

Ane Molinero

Ane Molinero/Nahia Pikabea

  1. Emakumezkoetan Lide Urrestarazu (2:07:22) ordiziarra nagusitu zen. Ainara Alcuaz (2:09:20) iruindarrak  jarraitu zuen eta hirugarren postuan Leire Elola (2:18:42) gailendu zen. 77 emakumek hartu dute parte aurtengo edizioan.
  2. Gizonezkoetan, nafarrak izan ziren helmuga gurutzatu zuten hiru lehen kirolariak. Beñat Albisu beintza-labaiendarra (1:51:15), Aimar Otxoteko lesakarra (1:48:07) eta Jokin Arretxea  narbartearra (1:49:26). Jokin Arretxeak aurrea hartua zeukan lasterketaren zati handi batean, hala ere, oina bihurritu, eta hirugarren postura jaisteko ezbeharra izan zuen. 

 

Ane Molinero/Nahia Pikabea

Gaztetxoenek ere lasterka egin zuten Berako tontor desberdinetatik zehar, guztira 9,3 kilometro eginez. Nesketan Leire Zestau nagusitu zen, mutikoetan berriz, Ekhiotz Irazokik eta Andoni Apezetxeak elkarrekin jantzi zuten txapela, batera gurutzatu baitzuten helmuga.

Sailkapen ofizialak