Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar, apirilaren 23an, eta horren harira, hainbat hitzordu antolatu dituzte Bortzirietako zenbait herrietako liburutegietan. Literatura Geraldiak ekimenaren baitan daude antolatuak solasaldiak, Nafarroako Gobernuko euskara zerbitzuak aitzinera eramaten duen programaren baitan hain zuzen ere. Euskaraz leitzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoan indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bulkatzea eta esperientzia literarioak partekatzea ditu helburu zikloak eta, erran bezala, aste honetan Bortzirietara ailegatuko da.
Lehen hitzordua gaur ospatuko da, apirilaren 22an, Lesakako liburutegian, 18:00etan. Danele Sarriugarte izanen da bertan eta beste zerbait bere azken liburuaz mintzatuko da. Oru berean, baina Arantzako liburutegian, Itxaso Martin izanen da Puntobobo bere lana aurkezten. Bihar berriz, apirilaren 23an, Eneko Bidegain hurbilduko da Lesakara Bichta Éder eleberria hizpide hartzeko, 18:30ean, liburutegian. Bihar ere, baina Berakoan, Maddi Ane Txoperenak Zaldi bat nobela aurkeztuko du, 18:00etan. Azkenik, asteko literatur hitzorduak borobiltzeko, ortziralean (apirilaren 24an), Ines Bengoa ipuin kontalaria izanen da Lesakako liburutegian, 17:30ean.