Ortzegunetik hasita, lau egunez zer gozatua izanen dute herritarrek. Igandean, abuztuaren 16an amaituko dira jaiak. Herritar anitz egon da besten antolakuntzaren gibelean. Maddi Larraldek, 23 urteko aranaztarrak azaldu duenaren arabera, herria bera auzolanaren eredu da, eta auzolanaren balorea nagusitzen da. Azpimarratu du «herri bat diren heinean, batzuk kontzienteki edo inkontzienteki errotuta» izan dutela «elkarrekin aritzea» eta «txosna zerbitzua eskaintzea».
Arantzako gazte asanbladak bizirik dirau duela ia bi hamarkadetatik. Urteetan zehar Arantza Rock antolatu izan du asanblada honek, baita bestetan txosna jarri ere, bertan lortutako diruarekin Arantza Rock mantentzeko. Dena den, Larraldek adierazi du, jada duela pare bat urte ospatu zela azken Arantza Rock musika jaialdia.
Aranaztar gazteak auzolan hitza azpimarratzen du; honen harira aitortu zigun «antolatzeko eta boluntarioki lan egiteko geroz eta prestutasun gutxiago» dagoela. Horregatik, honen aitzinean, «auzolana indartu» behar dela oroitarazi du. Bertze hainbat hausnarketa helarazi dizkigu aranaztarrak, adibidez, «egiten dugun guztia politikoa» dela, eta horrek ematen diola herriari «gauzak egiteko zentzua», aldi berean herritarrengan «gauzak egiteko gogoa» piztuz.
Dantza Luzea
Amabirjinaren egunean dantzatzen da Arantzan; Larralderen erranetan «tradizioa segika, meza ostean». «Historikoki Euskal Herriak pairatu duen errepresioa islatu da dantzetan. Dantza errekuperatu zuten, ondoren berrerakusteko. Horiei esker mantentdu da dantza, eta jarraitzen dugu amabirjinaren egunean dantza frontoian egiten».
Maddi Larraldek aitortu digu dantzaren izatea «nahiko natural» bizi izan duela. «Txikitatik ikusi izan dugu herrian dantza eta ez dugu errepresio hori egon denik sentitu». Tradizioaz gain, dantza bertze perspektiba batetik ere ikusten du Larraldek: «azpimarratzekoa da herri guztiak dantzatzen duela. Positiboa da gauzak perfektu egin nahi ditugun honetan, hainen ongi ateratzen ez diren dantzak ere egitea, polita da herri guztia zuri gorriz jantzita ikustea».