Hurrengo hamarkadan arnasgune moduan ezagututako eremuak desagertuko direla ziurtatzen dute azken aldian egindako ikerketa soziolinguistikoen datuek. Eremu euskaldunenetan ere euskarak gibelera eginen duela, hain zuzen ere. Honi erantzun azkar bat emateko asmoz, UEMA lanean jarri da dagoeneko 2026 honetan. Otsailean Lurralde Estrategia aurkeztu zuen eta apirilean berriz, Esnatu dinamika. Azken honekin eragileak ahaldundu eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea da helburu nagusia. Bortzirietan ere, alarma gorria piztuta, dinamikarekin bat egin eta iraila osoan zehar Ernatu zikloa antolatuko dute, bortz herrietan eginen diren ekintza desberdinekin.
Euskara larrialdi egoeran dagoela diote azken aldian egindako ikerketa soziolinguistikoek, baita arnasgune deitzen zaien Bortziriak bezalako eremu euskaldunenetan ere. Nahiz eta azken hamarkadan lan handia egin den euskara biziberritzeko prozesuan, datuak argiak dira eta ez dute itxaropenik pizten. Hurrengo hamar urteetan arnasguneak desagertzeko arriskuan daudela ziurtatzen dute ikerketek, “euskara biziberritzeko ezinbertzeko oinarriak direnak”, Eneko Fernandez Lesakako Udaleko kultur zinegotziak eta UEMAko zuzendaritza taldeko kideak azpimarratu duenez. Egoera oraindik iraultzeko garaiz gaudela ere diote UEMAtik, eta lanean hasi dira lehenbailehen arriskuak ekiditeko: “UEMAk planteamendu bikoitza egin du. 2026ko otsaila bukaeran Lurralde Estrategia aurkeztu genuen eta, honekin batera, apirilean, Esnatu dinamika”. Euskara biziberritzeko prozesua abiarazi nahi dute honekin, eta hainbat eragileekin adostutako lana izan da.
Bortzirietan, arnasgune izendapena galtzeko arriskua dagoela ikusirik, UEMAren planteamendua babestu eta Ernatu zikloa antolatuko dute iraila osoan zehar. Bortz herrietan eginen diren bortz ekimen izanen dituen egitaraua osatu dute, uste baitute “ekintzara pasatzeko momentua dela”. Fernandezek onartu du “ez dagoela denborarik. Datuak katastrofikoak dira eta garbi adierazten dute hamar urteko epean arnasguneak desagertuko direla”. Dinamika honekin beraz, “euskalgintza aktibatu” nahi dute, herri bakoitzeko kultur eta kirol taldeak, baita udalak ere.
Irailaren 3an, heldu den ortzegunean, ospatuko da Ernatu zikloaren lehen hitzordua. UEMAko lehendakari Martin Aramendi, Bortzirietako alkateak eta euskara zinegotziak Arantzako plazan elkartuko dira, 19:00etan, eta agerraldi bat eginen dute. Ernatu zikloa eta Bortzirietako egitaraua aurkeztuko dituzte bertan, eta horrez gain, Arantza arnasgune panelaren berri emanen dute. Irailaren 10ean berriz, Irati Urdalleta kazetariak ondu duen “Euskaldunak, etxean arrotz” dokumentala proiektatuko dute, Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, 19:00etan. Emanaldiarekin batera, egilearekin solasaldia ere izanen da. Dokumentalean euskaldunek euskaldun izate hutsagatik jasan izan dituzten eta gaur egun ere jasaten dituzten zapalkuntzak islatzen dira. Aste horretan bertan, igandean, irailaren 13an, Imanol Epelderen “Zerbait sartu zait begian” ikuskizuna eskainiko da, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan, 19:00etan. Musika, hitza eta irudia nahasten dituen performance garaikidea da Epeldek aurkeztuko duena. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez. Ekitaldia doakoa bada ere, aitzinetik gonbidapena eskuratzea beharrezkoa da.
Irailaren 17an berriz, Bortzirietako eragileak elkartuko dituen foroa eginen da Igantziko Baratzondo elkartean, 19:00etan, UEMAko Irati Odriozola teknikariaren eskutik. Ekitaldi hau izanen da dinamikaren funtsa, eskualdeko mota guzietako elkarte, talde, erakunde eta eragileen babesa bilatu eta konpromisoak bildu nahi baitira, lurgune euskalduna sendotzeko eta euskararen biziberritzea hauspotzeko helburuarekin. Azkenik, irailaren 24an, Garikoitz Goikoetxeak “Esnatu ala hil” hitzaldia eskainiko du, Berako Beralandeta eraikinean, 19:00etan. Goikoetxeak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan egindako azken ikerketek utzitako emaitzak eta epe ertainera aurreikusten den bilakaera azalduko ditu, Iñaki Iurrebasorekin batera iaz argitaratutako Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua oinarri hartuta.
Egitarau honez gain, Fernandezek jakinarazi du “irailaren 5ean Bortzirietako herri guztietako udaletxeetan mozio bat aurkeztuko dela, aitzinera nola egin jakiteko udalek konpromisoak har ditzaten”. Helburu nagusia hori baita, “jendea piztu lanean ahalik eta azkarren jartzeko”. Izan ere, UEMAko kidea sinetsita dago egoera irauli daitekeela, baina baldintza batzuk bete beharko dira horretarako: “Egoera irauli daiteke baldin eta eragile guztiak elkarlanean aritzen bagara, euskalgintzakoak, baina baita politikoak ere. Horretarako, lege aldaketak etorri beharko lirateke”. “Erronka handia” dela ere aitortu du Fernandezek, baina “galtzeko denborarik ez dagoela” ere badaki eta horretarako, “lanean hasi behar gara bai ala bai”. Bortzirietan horrela eginen dute, irailaren 3tik 24ra, Ernatu zikloa ospatuko da, jendearen kontzientzia piztu eta euren konpromisoa eskatzeko asmoz, Bortziriak bezalako eskualdeek arnasgune izendapena gal ez dezaten.