Arantzan aurkeztu zuten atzo, irailaren 3an, Ernatu zikloa. UEMAk udaberrian abiatu zuen Esnatu dinamikarekin bat egiten duten ekimena da, Bortzirietako euskarara ekarria, eta helburu bera du: arnasgunean desagertzea ekiditea. Izan ere, UEMAk iaz SIADErekin egindako ikerketa soziolinguistikoak dioenez, hamar urteko epean arnasguneak diren herriak desagertuko lirateke. Egoera horrekin kezkatuta, hilabete gutitan, Lurralde Estrategikoa Euskararentzat proposamena eta Esnatu dinamika jarri zituen martxan erakundeak, egoera lehenbailehen iraultzeko asmoz. Bortzirietako Euskara Zerbitzuak beraz, bat egin du azken dinamikarekin eta bortz hitzordu antolatu ditu irail osoan zehar, UEMAko proposamenarekin bat eginez.
Bortzirietako Euskara Zerbitzuko ordezkariak, Bortzirietako udaletako ordezkariak eta UEMAko lehendakaria den Martin Aramendi elkartu ziren atzo Arantzan Ernatu zikloari hasiera emateko. Aramendik azaldu zuenez, kezkatik abiatuta sortu zuten ekimen hau erakundean: “UEMAk kezka handia du, ikerketa soziolinguistikoek adierazten duten euskararen gainbeherarekin. SIADErekin aurkeztu genuen iaz proiekzio soziolinguistiko bat eta, horrekin batera, datu katastrofikoak plazaratu genituen”. Izan ere, ikerketa horrek dioenez, hamar urteko epean arnasguneak desgartuko lirateke eta lehendakarik argi du “ezinbestekoa” dela horren aitzinean zerbait egitea, “arnasguneak giltzarri direlako euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzearen motorra izan daitezen”.
Horiek “babesteko eta sendotzeko” ahalegina egin behar dela ere aipatu zuen eta horretarako, Lurralde Estrategia Euskararentzat proposamena eta Esnatu dinamika abian jarri zituen urte hasieran UEMAk berak. “18 eragile izan genituen bertan babesa ematen, prest agertu ziren hainbat konpromiso hartzeko eta gustura gaude egin genuen hasiera eta bide horrekin. Ohartu ginelako eragile bakoitzak gogoeta egin zuela zer egin zezakeen lantzen duen eremu horretatik eta jarri dituzten helburuak ere horren araberakoak izan dira”, gaineratu du.
Eskualdez eskualde eta herriz herri aurkezten ari dira orain dinamika hau, baita Bortzirietan ere. Nafarroako eskualde honetan Ernatu deitu diote zikloari, bertako euskarari keinu eginez eta atzo ospatu zuten lehen ekitaldia. Arantza arnasgune panela aurkeztu zuten bertan, plazaren parean irakurgai egonen den eta arnasgunean zer diren azaltzen duen panela. Leire Mitxelena Arantzako euskara zinegotziak adierazi zuenez, “Arantza da Bortzirietako arnasgune bete bakarra. Hizkuntzak erabat ardazten gaitu herritarrak, eta jabetzen gara horrelako espazioak zein garrantzitsuak diren euskararentzat. Hemen euskaraz arnasten dugu, eta euskarak arnasa hartzen du. Horixe adierazi nahi izan dugu herrigunean agerian jarri dugun panelean, bertara datozen guziak jabetu daitezen euskararentzat aski garrantzitsua den toki batera etorri direla”.
Honen ondotik, bertze lau ekitaldi eginen dira hilabete osoan zehar, Bortzirietako bertze lau herrietan. Irailaren 10ean, Irati Urdalleta kazetariak ondu duen “Euskaldunak, etxean arrotz” dokumentala proiektatuko dute, Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, 19:00etan. Emanaldiarekin batera, egilearekin solasaldia ere izanen da. Dokumentalean euskaldunek euskaldun izate hutsagatik jasan izan dituzten eta gaur egun ere jasaten dituzten zapalkuntzak islatzen dira. Aste horretan bertan, igandean, irailaren 13an, igandea, Imanol Epelderen “Zerbait sartu zait begian” ikuskizuna izanen da, Eskolttiki aretoan, 19:30ean. Musika, hitza eta irudia nahasten dituen performance garaikidea da Epeldek aurkeztuko duena. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.
Irailaren 17an berriz, Bortzirietako eragileak elkartuko dituen foroa eginen da Igantziko Baratzondo elkartean, 19:00etan, UEMAko Irati Odriozola teknikariaren eskutik. Ekitaldi hau izanen da dinamikaren funtsa, eskualdeko mota guzietako elkarte, talde, erakunde eta eragileen babesa bilatu eta konpromisoak bildu nahi baitira, lurgune euskalduna sendotzeko eta euskararen biziberritzea hauspotzeko helburuarekin. Azkenik, irailaren 24an, Garikoitz Goikoetxeak “Esnatu ala hil” hitzaldia eskainiko du, Berako Beralandeta eraikinean, 19:00etan. Goikoetxeak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan egindako azken ikerketek utzitako emaitzak eta epe ertainera aurreikusten den bilakaera azalduko ditu, Iñaki Iurrebasorekin batera iaz argitaratutako Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua oinarri hartuta.
Honez gain, Aramendik oroitarazi zuen udal guztietan mozioak aurkeztuko direla, zenbait herrian hori egin dutela dagoeneko eta bertako eragileak ere konpromisoak hartzen hasiak direla. Azkenik, lehendakariak aitzindu zuen “Euskararen Egunaren bueltan, azaro amaieran edo abendu hasieran, bildu diren konpromiso guztiak aurkeztuko direla”. Bortzirietako udaletan irailaren 5ean aurkeztuko dute mozioa, Ernatu zikoaren bigarren ekitaldia, jendearen kontzientzia piztu eta euren konpromisoa eskatzeko asmoz, Bortziriak bezalako eskualdeek arnasgune izendapena gal ez dezaten.