Bortzirietako Euskara Zerbitzuak bertako hizkeraren ezaugarriak eta erabilerak bildu ditu gidaliburu batean, herritar ororentzat ulergarria den formatu batean. Modu erraz eta dibulgatzailean beraz, egoera formal eta informaletan, bai ahozkoan baita idatzizkoan ere, Bortzirietako euskara nola erabili ahal den erakusten du liburuxkak eta herritar ororentzat eskuragarri egonen da irail osoan zehar, doan, Bortzirietako bortz herrietan.
Patxi Iñigok egindako lan batean oinarritzen da Bortzirietako Euskara Zerbitzuak ondu duen gidaliburua. Patri Arburua euskara teknikariak azaldu duenez, “Euskara Zerbitzuaren webgunean bagenuen, aspaldian, Bortzirietako hizkeraren ezaugarriak biltzen dituen gidaliburua, baina ez zen edozein herritarrek irakurtzeko modukoa, hizkuntzan adituagoak direnentzat baizik”. Horrela bada, informazioa bera modu errazagoan argitaratzeko beharra ikusi zuten zerbitzutik, baina ez da hori izan liburuxka sortzeko arrazoi bakarra: “Batetik, ikusten genuen gure hizkera nolakoa den azaltzeko beharra zegoela, modu dibulgatzailean, edozein herritarrek ulertzeko moduan alegia. Bertzetik, gure euskara erabiltzeko momentuan, bai idatziz eta bai ahoz, jendeak zalantzak zituela ikusi genuen eta gomendio batzuk ematen saiatu gara honekin”.
Izan ere, Bortzirietako hizkera edozein egoeratan erabili daitekeela erakutsi nahi du Bortzirietako Euskara Zerbitzuak, Arburuak dioenez, “baita doktorego tesia egiteko momentuan ere”. Honen inguruan Euskaltzaindiak bi adierazpen eginak dituela jakinarazi du teknikariak: “Azken adierazpenean, 2004koan, bertako hizkera estandarra erabiltzen ahal dela azaltzen da. Ahozkoan egiten diren laburdurarik gabe, akats ortografikorik gabe… eta hori jaso dugu liburuxkan, Euskaltzaindiaren arau sorta hori”. Arburuak adierazi duenez, “ez dugu ahantzi behar euskara batua etengabe elikatzen dela euskalkietatik”, eta azken urteetan lehen aukera nagusitu bada ere, bai hezkuntzan eta baita komunikabideetan ere, bertako hizkeraren zenbait forma ez direla baztertu beharrik oroitarazi nahi dute lanarekin.
Liburuxkak lau zati desberdin ditu eta duen diseinua azpimarratu nahi izan du teknikariak lehenbizi: “Diseinuari garrantzi handia eman diogu. Koaderno itxura du gidaliburuak, praktikoagoa izateko. Lau ertz ditu gainera, ez baita, nahitaez, hasieratik bukaerara irakurri behar den liburua. Lau zati ditu eta atal horiek nahi bezala kontsulta dezake irakurleak”. Lehen atala teorikoagoa dela ere erran du Arburuak, eta bertan, “Bortzirietako hizkera euskalkien mapan kokatzen da. Euskara batuaren eta euskalkien arteko betiko eztabaida azaltzen da, osagarriak direla azalduz”. Bigarren atalean, “modu erraz eta dibulgatzailean, Bortzirietako euskararen ezaugarriak erakusten dira”, teknikariak azaldu duenez, “edozeinek irakurtzeko moduan”. “Adibidez hornitua” dagoela ere gaineratu du, eta bukaeran “hiztegi txiki” bat duela.
Hirugarren atala gomendioena da, “egoera formal eta informalean, ahoz eta idatziz, nola erabili” jakiteko. Hemen ere “adibide dezente” daudela argitu du teknikariak, izan ere, “gaur egun hedabideetan, nazio mailan, baina baita tokikoan ere, Bortzirietako kazetariek apustua egin dute bertako hizkera erabiltzeko eta adibide aski onak daude”. Azkenik, laugarren zatian, zalantzak nola argitu daitezkeen erakutsi dute: “Sarera etengabe konektatuta gaude eta kontsultak egitea errazagoa da gaur egun. Batzuetan zalantza dugu ea hitz bat hiztegian onartua dagoen edo ez, eta hori nola kontsultatu daitekeen azaldu dugu”. Liburuxka bibliografiarekin osatu dute.
Herritar ororen eskura jarri dute gidaliburu hau, doan eta Bortzirietako bortz herrietan. Arantzan eta Igantzin udaletxean eskuratu dezakete herritarrek ale bat, goizez. Etxalarren, Pello Apezetxea kulturgunean, arratsaldez, eta Lesakan eta Beran liburutegietan (irailaren 14ra arte goizez eta hortik aitzinera, arratsaldez). Iraila osoan zehar egonen dira liburuxkak eskuragarri eta ondotik, baten bat eskuratu nahi bada, Bortzirietako Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko da harremanetan. Euskara teknikariak aitzindu duenez, urte bukaerako edo 2027 hasierako, edizio digital bat ere prestatzeko asmoa dute.
Bortzirietako hizkeraren inguruko ikastaroa
Bortzirietako Euskara Zerbitzuak, bertako hizkeraren gidaliburua argitaratzeaz gain, ikastaro bat ere antolatu du herritar guztientzat irekia izanen dena. Azken hiru urteetan lantzen aritu diren bertze proiektu baten oinarrian dagoen proposamena da, Patri Arburuak azaldu duenez: “Bortzirietako hizkeraren inguruko ikastaroak egin ditugu eskualdeko ikastetxe guztietako irakasle guztientzat. Derrigorrezkoak izan dira eta balorazio hagitz ona egin dute guztiek”. Horrela, herritar guztiei aukera bera eskaintzea pentsatu zuten. IKA euskaltegiarekin elkarlanean, irailaren bukaeran bi saio eginen dituzte, bata irailaren 23an eta bertzea, irailaren 30ean. Biak arratsaldez izanen dira, 17:00etatik 19:00etara. “Lehendabiziko saioan, parte hartzaileek hemengo euskararen ezaugarriak zeintzuk diren ikusiko dute eta bigarrenean, nola erabili, batez ere idatziz”, dio teknikariak. Matrikula 30 euro ordaindu beharko du ikastarora joaten den bakoitzak, baina eskatuz gero, Euskara Zerbitzuak dirua bueltatuko duela ere ziurtatu dute. Izen ematea irekia dago, irailaren 20ra arte, ondoko estekan: https://bortziriak.eus/ninja-forms/40khhm/. Ikastarora joaten den pertsona bakoitzak, gidaliburuaren ale bat jasoko duela ere jakinarazi dute.