Bortzirietako Euskara Zerbitzuak euskalduntze kanpaina abiatu zuen, pasa den irailaren 11an, Beran egindako agerraldian. Bertan, Bortzirietako Euskaltegiko ikasle eta irakasleak izan ziren, euskara ez dakiten herritarrak hizkuntza ikastera animatzeko, baita euskara dakitenek ere euren maila hobetzeko. Euskaltegian izena emateko epea irailaren 30era arte irekia dagoela oroitarazi zuten eta guztia, musika doinuez jantzi zuten. Izan ere, jatorri kubatarra duten bi ahizpak osatzen dute D’Capricho bikoteak kontzertua eskaini zuen ortziralean Beran, kanpainari hasiera emanez. Danak eta Danik osatzen dute bikotea. Lehena Euskal Herrian bizi da eta bigarrena, Kubatik etorri zen uda hasieran. Euren abestiak poeta kubatar eta euskaldunen hitzekin sortuak dira. Udan osoan zehar kontzertu bira eskaini dute Euskal Herrian barrena. Berakoa izan zuten birako hondarreko kontzertua Kubara abiatu aitzinetik. Kontzertu polita eskaini zuen D’Capricho bikoteak eta bertaratuek gozatu ederra hartu zuten.
Mankomunitatearen konpromisoa euskara ikasleak diruz laguntzeko
Euskalduntze kanpainari dagokionez, mankomunitatearen dirulaguntza deialdian, berritasunak izanen direla adierazi dute Euskara Zerbitzutik. Hartara, euskara ikasleek bi data hartu beharko dituzte kontuan: mankomunitatearen dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 9ra arte egonen da irekita; eta Euskarabidearen dirulaguntza eskatzekoa azaroaren 3ra arte.
Aurtengo deialdiak bi talde bereizten ditu, A1 eta A2 mailako ikasleek Euskarabideari eskatu beharko diote dirulaguntza, eta deialdi honek izaera osagarria izanen du. B1, B2, C1 eta C2 mailako ikasleentzat ez da izanen aldaketarik eta urtero bezala eginen dira eskaerak. Banaketa honen arrazoia da gaur-gaurkoz Euskarabidearen deialdiak hasmentako mailetan ia-ia doakotasuna bermatzen duela, eta mankomunitateak sustatu nahi duela Bortzirietako herritarrak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza lerroaren onuradun izatea, deialdi honen oinarrian dagoen doakotasunaren helburuari kalterik egin gabe. Horrela, A1 eta A2 mailako ikasleentzat deialdi honek izaera osagarria izanen du.
Dirulaguntza egoitza elektroniko bidez aurkeztu beharko da edo bertzelako ohiko bideak erabilita. Aurtengo deialdian izan diren berrikuntzak kontuan hartuta, euskara zerbitzuak dirulaguntza eskaera egiteko aurrez aurreko laguntza eta aholkularitza eskainiko dizkie herritarrei, bortz herrietan. Arantzan, astelehenetik ortziralera, 09:00etatik 14:00etara, herriko etxean izanen da eskaera egiteko aukera, euskara zerbitzuan. Beran berriz, irailaren 18an, 09:00etatik 14:00etara, Beralandetan. Irailaren 30ean berriz, 16:30etik 19:00etara egonen da aukera leku berean. Lesakan, irailaren 21ean, 09:00etatik 14:00etara, Eskolttikin. Arratsaldez ere posible izanen da, urriaren 1ean, 16:30etik 19:00etara. Etxalarren, egun eta ordutegia berean, herriko etxean (mankomunitatean). Azkenik, Igantzin, irailaren 24an, 09:00etatik 14:00etara, herriko etxean.