Indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzeko babesgune terapeutikoa Bortziriak, Malerreka-Bertizarana eta Baztanen berriz martxan

Aitor Errazkin

Indarkeria matxista bizi izan duten emakumeek elkar topatzeko eta babesa jasotzeko gune bat izanen dute berriz ere Bortzirietan, Malerreka-Bertizaranan eta Baztanen. Berdintasun Zerbitzuek Indarkeriarik gabeko bizitzarako espazioa martxan jarriko dute urriaren erdialdetik aitzinera. Hilean hiru saio eginen dira, musikoterapiaren bidez emozioak lantzeko eta ongizatea sustatzeko. Taldea irekia eta malgua izanen da, emakume bakoitzaren beharretara egokituta. Gainera, parte-hartzea errazteko, garraio- eta haurren zaintza-zerbitzuak eskainiko dira.

Indarkeriarik gabeko bizitzarako espazioa berriz ere martxan jarriko dute Baztango, Bortzirietako eta Malerreka-Bertizaranako Berdintasun Zerbitzuek. Urriaren erdialdetik aitzinera, indarkeria matxista bizi duten edo bizi izan duten emakumeei zuzendutako talde egonkorra izanen da, hilean hiru saiorekin.

Espazio honen helburua emakumeen ongizatea eta ahalduntzea sustatzea da. Auto-laguntza taldearen bidez, norberaren indarrarekin berriz konektatzeko, isolamenduari aurre egiteko, bizitakoaren inguruan hausnartzeko eta auto-zaintza zein desioekiko lotura berreskuratzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek.

Horrez gain, beste emakume batzuekin bizipenak partekatzeko eta elkarren arteko babes-sareak indartzeko gunea izanen da. Izan ere, indarkeria matxista ez da arazo indibiduala, baizik eta egiturazko errealitatea. Horregatik, taldeak tratu onen inguruan hausnartu eta harreman osasuntsuagoak eraikitzeko tresnak ere eskainiko ditu.

Saioak Haizea Loira Matxiñena musikoterapeutak dinamizatuko ditu, musikoterapia baliatuz emozioen adierazpena, ongizatea eta emakumeen arteko loturak indartzeko.

Taldea irekia eta malgua izanen da: emakume bakoitza behar duenean batu daiteke eta ahal duen neurrian parte hartu, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Hala ere, prozesu osoan parte hartzea gomendatzen da, talde-lanak eta jarraitutasunak eskaintzen dituzten onurak hobeki aprobetxatzeko.

Parte-hartzea errazteko, behar duten emakumeentzat garraio-zerbitzua eta haurren zaintza-zerbitzua ere eskainiko dira. Horrela, babes, entzute eta sendatze kolektiborako espazio seguru bat eskaintzea da ekimenaren xedea.