N-121-A errepideko 71,235 – 74,030 kilometroen arteko tartean errepidearen zorua birgaitzeko obrak direla eta, datozen asteetan Irun eta Endarlatsa artean trafiko eragozpen nabarmenak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Obrak fase ezberdinetan burutuko dituzte, eta lehenbiziko esku-hartzea Lamiarriko tuneletik, egungo N-121-A errepidea bere ibilbide zaharrarekin elkartzen deneko punturaino egingo dute heldu den astean. Aldundiak argitu duenez, lanak urriaren 19an hasiko dituzte, goizeko 8:00etan, eta trafikoa erabat eten egingo dute urriaren 23ko 18:00ak artean.
Zehazki, Irunen, N-121-A eta GI-3455 errepidea elkartzen diren punturaino, (71,235 eta 73,537 KPen arteko tartea da) lan egingo dute, eta beraz, Endarlatsa eta Irun artean, egungo ibilbidea eta lehengo trazadura, mantentzen diren tartea moztuko da (69,735 eta 73,537 KPen arteko tartea). Modu horretan, trafikoa lehengo trazaduratik desbideratuko dute, egungo GI-3455 errepidetik (Bidasoa auzoko bide zaharretik).
Obrek irauten duten bitartean, Iruñea eta Irun arteko ibilbidea egiteko, A-15 autobidea erabiltzeko gomendioa egin dute ibilgailu astunentzako.
Bestalde, obraren bigarren fasea, lehenengoaren amaieratik Behobiako Punttas biribilguneraino luzatuko da (73,537 eta 74,030 KPen arteko tartea da), eta aurrerago gauzatuko da. Eta beraz, trafikoan izango duen eraginaz aurrerago informatuko dute.