Bortzirietako Elkarrizan elkarteak boluntariotza indartzen segitzeko lanean dabil. Urteak dira adinekoen akonpainamendua lantzen dutela eta 2025eko datuak ere argitaratu dituzte. 2025ean, adibidez, guztira 4.910 boluntariotza ordu egin zituen elkarteak Bortzirietan, adinekoen akonpainamenduaren eta jubiloteka zerbitzuaren bitartez. Osatutako sare hau sendotzen segitzeko asmoz, urrian boluntariotza kanpaina abiatu du elkarteak, hiru bideren bitartez: Errezeta Solidarioa, bideo baten zabalkuntza eta zerbitzuaren informazio guztia biltzen duen diptiko bat.
Kanpaina aurkezteko egin duten prentsaurrekoan aipatu dutenez, “neurozientziak frogatu du solidarioa eta altruista izateak onurak ekartzen dituela. Izan ere, bertze bat laguntzeak, akonpainatzeak eta gure denbora bertzeekin partekatzeak, baliagarri sentiarazten gaitu, bertzeen ongizatean eragina dugulako. Horrez gain, harremanak estutzeko balio du, hori baita Elkarrizanen helburua ere, elkar topatzeko eta komunitatea sortzeko gunea izatea”.
Elkarteak urteak daramatza Bortzirietan lanean eta 2025eko datuak ere plazaratu zituen kanpainaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, 4.910 boluntariotza ordu egin ditu taldeak eskualdean, adinekoen akonpainamenduaren bidez, bai beraien etxeetara joanda, baita adinekoen egoitzetara joanda. Gainera, jubiloteka zerbitzua eta gaztelania ikasteko klaseak ere martxan izan dituzte. Sare hau indartzen segitzeko asmoz, “urrian boluntariotza kanpaina berria martxan jarri” dute, hiru bideren bitartez: “Osasun Zentroaren eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen laguntzarekin garatutako Errezeta Solidarioaren bidez; Bortzirietako bortz udaletxetako Whatsapp kanalen bidez zabaldutako bideoaren bidez; eta elkartearen informazio guztia biltzen duen diptiko baten bidez”.
Pasa den udaberrian hasi ziren material hau guztia prestatzen helburu bakarrarekin: “Elkarrizan elkartea ezagutzera ematen segitzea eta boluntariotzan parte hartzea sustatzea”. Elkarteak erran duenez, “gehien bat erretiroa hartuta dagoen jendea da Elkarrizanen laguntzen duena eta hori indartzeko beharra” ikusi dute, adinekoak akonpainatzen segitu ahal izateko. Gainera, sare hau osatzeko Bortzirietan dauden zerbitzu desberdinen arteko lankidetza azpimarratu dute, beraien laguntza ezinbertzekoa izan delako elkartearen lana aitzinera eramateko eta egiten duten guztia jendartean zabaltzeko.
Ikigai Bortziriak
Errezeta Solidarioaren ekimenaz aritu da batez ere Elkarrizan elkartea eta Okinawa uharte japoniarrean oinarritu dira honen inguruan solastatu ahal izateko. Jakinarazi duenez, “Japoniako uharte hau nazioarteko erreferente bilakatu da, bizi kalitateari eta jendearen bizitza luzeari dagokionez. Bertako biztanleen bizi estiloa ikertu dute eta ongizatean oinarrituta dagoela ikusi dute, batez ere beraien artean dituzten lotura sozialei, komunitatean duten parte hartzeari eta ikigai kontzeptuari esker. Azken kontzeptu honek bizitzari zentzua ematen dionari erreferentzia egiten dio, egunero ohetik altxatzeko dugun arrazoi horri”. Horrela beraz, Ikigai Bortziriak ideia sortu dute, herritarrak hausnarketara bideratzeko asmoz: “Gure asmoen inguruan hausnartzea gonbidatu nahi ditugu. Bertzeen zaintzan dugun arduraren inguruan pentsatzea. Eta hori baldin bada gure bizitzaren asmoetako bat, bertzeei laguntzea alegia? Gure denbora partekatzeak, akonpainatzeak, aditzeak, baliagarria izateak eta komunitate baten parte izateak ere zentzua eman diezaioke egiten dugun horri”. Boluntariotzak “akonpainatzeaz gain, elkartzeko guneak sortzen ditu, loturak indartuz eta komunitatea sortuz”, Elkarrizan elkartearen erranetan.
Kanpainarako bideoa Katubiko Oier Fuentesek egin duela ere adierazi dute eta diptikoa Nagusilan Euskadiren laguntzarekin sortu dutela.