Gau Beltza edo Gaba Beltza, Beran deitu dioten moduan, ospatuko da bihar, urriaren 31n. Euskal Herriko zenbait txokoetan bezala, Bortzirietan ere euskal ohitura hau berreskuratzearen alde egin dute azken urteetan eta, aurtengoan, ideia berarekin segituko dute. Larunbatean izanen dira ospakizun guziak eta bi herrietako ikastetxeetako guraso elkarteek elkarrekin antolatu dute egitaraua.
Beran, 18:00etan egin dute hitzordua Frantxia Haltzuet plazan eta adierazi dutenez, musika, eskea, dantza, ipin kontalaria, gaztain jatea eta ihes gela izanen dituzte, bertzeak bertze. Bertaratzen diren haur eta helduei mozorrotuak joatea eskatu diete eta etxetik, kalabaza hustua eramatea, baita kandelak ere.
Lesakaren kasuan, 17:00etan hasiko dute egitaraua. Tailerrak izanen dituzte lehenbizi eta 18:00etan berriz, merendatzeko tartea hartuko dute. 18:30ean ipuin kontalaria hasiko da, ibiltaria izanen dena, eta hori bukatzerakoan, azken erritua eginen dute Plaza Zaharrean. Azken urteetan, komentuan ospatu da Gau Beltza, herriko txoko horretara mugatuz ospakizuna, baina aurtengoan, Lesakako erdigunera eramatea erabaki dute, herritar guziek bestan parte har dezaten. Hemen ere mozorrotuak joatera gonbidatu dituzte haur zein helduak.
Mozorratzeko zenbait gomendio ere eman dituzte Lesakako ikastetxeetako guraso elkarteetako kideek. Baserritar galtza edo gonarekin, koadrodun atorrarekin, abarkekin eta aurpegia estaliarekin etortzera gonbidatu dituzte parte hartzaile guziak, Gau Beltzaren gure tradizioa berriz ere berreskuratzeko asmotan.