Mila pertsonatik goiti elkartu ziren atzo arratsaldean Elizondon, Baztan Bidasoaldeko greba batzordeak antolatutako eskualdeko manifestazio nagusian. Baztan, Malerreka eta Bortziriak eskualdeetako eragile sozial eta politiko guziek egin zuten bat greba deialdiarekin, etxebizitza eta soldata duinak eskatzeko. Goizean elkarretaratzeak eta kotxe birak egin ziren, hauek ere hagitz jarraituak izan zirenak. Elizondon eta Donezteben 8:30ean egina zuten hitzordua kotxe birak egiteko eta Beran berriz, 10:00etan egin zuten elkarretaratzea Toki Ona Instituto atarian. Hain zuzen ere, institutuan %82ko jarraipena izan zuen grebak, bertzeak bertze. Ondotik, hiriburuetara mugitu ziren mobilizazioak eta han ere jende andana elkartu zen. Arratsaldean berriz, eskualdean antolatutako manifestazioarekin borobildu zuten greba eguna.
Elizondoko karriketan barrena itzulia emanda, greba batzordeko kideek hartu zuten hitza eta atzoko eguna “etxebizitza eskubide unibertsala eskatzeko” antolatua zela oroitarazi zuten. Antolaketa lanetan ibili diren eragile sozial eta politiko guziak eskertu zituzten ondotik eta greba egiteko zeuden arrazoiak zehaztu zituzten gero: “Etxebizitza da langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat. Euskal Herrian argi ikusten dugu. Prezioek goiti egin dute eta etxegabetzeak ugaritzen ari dira, espekulatzaile eta errentista guti batzuk inoizko irabazirik handienak pilatzen ari diren bitartean. Arrakala sozioekonomiko hortatik sartu nahi dute faxistek, azkena azken aurrekoaren kontra jarriz. Honen errudunak higiezin enpresak, espekulatzaileak eta errentistak dira. Honen aitzinean, euskal langileriaren klaseak batu behar du”.
Eskualdean emantzipatzea ia ezinezkoa dela ere azpimarratu zuten: “Baztan-Bidasoaldean emanzipatzea ia ezinezkoa da. Merkatu librearen logikarekin, alokairuen prezioak altuak dira, negoziorako erabiltzen delako etxebizitza. Alokairu turistikoen gorakada ere nabaria da, eta prezioen inflazioa agerikoa. Etxebizitzara sarrera are eta zailagoa izaten ari da. Eskualdean bigarren etxebizitzen kopurua %32koa da eta, jendea etxerik gabe dagoen bitartean, 3.500 etxebizitzatik goiti hutsik daude. Arazoa ez da baliabide falta, arazoa da baliabide horiek noren eskuetan dauden. Hortaz, aldarrikatzen dugu etxebizitza beharren arabera planifikatzea eta ez merkatuaren arabera. Patronalak etekin bikoitza ateratzen dio langileari. Batetik, lantegietan soldaten debaluazioaren bidez eta bertzetik, etxebizitzaren eremuan espekulazioaren bidez. Horregatik, klase borroka indartzeko momentua da eta patronalaren interesak konfrontatzearena”. Gaineratu zutenez, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, genero disidenteek eta pertsona arrazializatuak dira arazo hau gehien pairatzen dutenak, beraien erasotzaileekin bizitzera behartuz, emantzipatzea zailduz eta diskriminazioari segida emanez.
Etxegabetzeen gaiari helduz, eskualdeko egoera zein den jakinarazi zuten: “Etxegabetze kopurua handitzen ari da. Azken bost urteetan, 25 etxegabetze egin dira. Azken bi urteetan, 16 izan dira. Urtean hiru etxegabetze izatetik, zortzi izatera pasatu gara. Ezin dugu salatu gabe utzi eskualdeko larrialdiko etxebizitza falta. Tokian tokiko administrazioek ez dute hau konpontzeko baliabide nahikorik eskaini”. Herritarron antolakuntza beharrezkoa dela onartu zuten berriz ere eta “Aroztegiko pelotazo urbanistikoa” ekarri zuten gogora: “UPN eta Geroa Baik UGEParen eta foru intereseko baimena eman zioten proiektuari. Honen kontrako borroka eredugarria izan da”. Etxebizitzaren arazoari konponbidea ematen ahal zaiola ziurtatu zuten ondotik, eta horretarako hiru lan lerro azpimarratu zituzten: “Espekulazioarekin eta errentismoarekin bukatu behar da. Espekulatzaileei ondasunak desjabetu behar zaizkie; berreskuratu eta guzion beharretara jarri. Espekulazioa eta errentismoa debekatu behar da gero, eta azkenik, etxebizitza eta baliabide guziak langile klasearen beharretara jarri”. Euskal Herrian hau egiteko baliabideak daudela aipatu zuten eta horretarako, “borrokak eta antolakuntzak balio duela” erakustea ezinbertzekoa dela.
Bukatzeko, erakunde politikoei dei egin zieten, espekulatzaile eta errentista horien zerbitzura daudela salatuz: “Ildo horretan, erantzunkizun politiko guziak seinalatu behar ditugu. Alde batetik eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak. Bertzetik PSOEren Gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean. PSOEren Gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri». Horrela bada, “etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez” ohiukatuz bukatu zuten greba eguna eskualdean.
(Argazkia: Xaloa Telebista)