Xardango elkarteak orain dela urtebete hasi zuen bere jarduna. Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako ekoizle ttikiak batu eta elkartea sortu zuten, bi helburu nagusirekin: batetik, ekoizle txikiak bateratu eta elkar ezagutzeko; eta bertzetik, eskualdeko jendeak bertako ekoizleak eta hauek ekoizten dutena ezagutu dezaten. Hiruzpalau urteko ibilbidea izan da, arlo desberdinetako ekoizleak direlako eta elkarrekin lan egiteko bidea asmatzen aritu direlako. Hala ere, Xardango aurkeztu zutenetik, urtebete pasatu da eta dagoeneko zenbait lan ildo markatuak dituzte.
Maialen Txantre baratzezaina da elkarteko kideetako bat. beratarra da bera sortzez, baina “lehen sektorean lan egin nahi zuela erabaki” zuenean, Zugarramurdira lekualdatu zen, bertan zuelako “lurra izateko aukera”. Baratzea egin eta “barazki freskoak" saltzen ditu orain, “urte guztian zehar, asteroko saskien bidez”. “Partikularren etxeetara” eramaten ditu, baita “Berako haurtzaindegiko eta [Ricardo Baroja] eskolako jangeletara ere”.
Bakarrik lan egiten ahal bada ere, lagunduta urrutiago ailegatu daiteke, eta sinesmen horri segika hasi ziren elkartzen eskualdeko zenbait ekoizle ttiki. Eskualdeko herriko etxeek bultzatuta eman zioten hasiera ibilbideari Txantrek jakinarazi duenez: “Duela hiruzpalau urte eskualdeko herriko etxeek lehen sektorearen eta elikaduraren inguruko diagnostikoak egin zituzten eta hortik elikadura dinamizatzailearen figura atera zen, geroztik martxan dagoena. Diagnostiko horretan ekoizleak beraien artean ezagutu eta elkartzeko beharra ere aipatzen zen eta dinamizatzaileak hori lortzera lagundu zigun. 7-8 ekoizle hasi ginen modu jarraituan elkartzen eta ikusi genuen bazela modua elkarte bat sortzeko, guretzat aterki bat izan zitekeena”.
Horrela bada, iazko udazkenean aurkeztu zuten Xardango elkartea, hasieran batu ziren zazpi ekoizle horiekin eta helburu bikoitzarekin. Batetik, beraien artean ezagutzea zen asmoetako bat. “Eskualde ttikia gara eta elkarren berri dugu, baina lan egiterako orduan ez genuen harremanik, eta gauza batzuetarako talde bezala funtzionatzea beharrezkoa ikusten genuen”, dio baratzezainak. Arlo desberdinetako ekoizleak dira elkartea osatzen dutenak, gasnagileak, frutazainak, baratzezainak, erlezainak… eta lan desberdinak egiten badituzte ere, “komunean gauza aunitz” dituztela azpimarratu du Txantrek, eta horri begira, “interesgarria” iruditzen zitzaien “elkarrekin egotea, babes hori edukitzeko”. Bertzetik, eskualdeko herritarrei begira, ekoizle ttiki hauen lana ezagutzera emateko ezinbertzekoa zitzaien bateratuak egotea: “Bertako produktuak kontsumitu nahi duenarentzat garrantzitsua da gu antolatuak egotea”.
Izan ere, Xardangorentzat garrantzitsuena da beraien produktuak inguruan saltzea: “Ez zaigu interesatzen kanpoan saltzea, baizik eta gure herrietako jendeak kontsumitzea. Helburua da gure zonaldean ezagutzera ematea eta gure zonaldetan dauden elikadura momentutan gure produktuak egotea”. Momentuz, lehen erran bezala, gasna, barazkiak, fruituak eta eztia saltzen dituzten ekoizleak daude elkartean, eta hurrengo urterako asmoa ekoizle gehiago eta desberdinak erakartzea izanen da. Txantrek adierazi duenez, “ideia dugu elkartea ireki eta jende gehiago animatzea, geroz eta gehiago izan gaitezkeelako eta produktu barietate gehiago izaten ahal ditugulako”.
Urtebeteren ondotik, poliki-poliki, ekimen desberdinak atera dituzte aitzinera eta 2027ra begira, ekimen horiekin eta gehiagorekin segitzea dute helburu. Iaz, Xardangoren aurkezpena eginda, eguberrietako saskien kanpaina abiatu zuten, aurten ere errepikatuko dutena: “Eguberrietako saskien eskaintza izan zen gure lehen proiektua eta hagitz ongi atera zen. Balorazio hagitz positiboa egin genuen eta gero, urtean zehar, eskaintza hori zabaltzen saiatu gara. Eguberrietako kanpainaz aparte, saski horiek oparitzeko, erosteko eta lehiaketetako sarietan emateko aukera dagoelako". Hala ere, "sektore desberdineko ekoizleak” direnez guztiak, lan erritmoak ere desberdinak dituzte eta zaila egin zaie aurten eskaintza hori urteko bertze momentutan egitea. “2026an ez genuen lortu, baina 2027rako martxan dagoen proiektua da”, aitortu du Txantrek.
Hain zuzen ere, abenduaren 13ra arte eskatu daitezke aurten eguberrietako saskiak, xardangoelkartea@gmail.com helbidera idatzita, eta 14tik aitzinera hasiko dute banaketa. Gabonetako sasoia baino lehen, edo geroago, saski hauek nahi dituztenek ere dagoeneko eskatu dezakete beraiena, helbide berera idatziz. 50 euroen truke eskuratu daitezke saskiak, bi gasna puska, marmelada, zukua, menbrilloa eta eztiarekin.
Bertzelako lan ildoak ere lantzen ari dira elkartean eta horietako bat martxan izan dute aurtengo udan: “Catering moduan aritzea ere pentsatu dugu. Herriko bestetan egiten diren gosarietan edo ekitaldi desberdinetan. Aurten Lesaka eta Berako bestetako gosarietan izan gara, bertako udalek eskatuta”. Turismo Bulegoetan ere jarri dituzte beraien produktuak erakusleiho batean, nahiz eta ez diren bertan agertu Xardango elkartearen izenean, baizik eta partikular moduan. Bide hau gehiago jorratzearen aldekoak dira orain, baina horretarako ekoizle gehiago eta desberdinak bildu nahi dituzte, eskaintza geroz eta zabalagoa izan dadin eta herritarrek ere eskualdeko ekoizle geroz eta gehiago ezagutu ditzaten.