Metaloween jaialdiaren oihartzunak Hendaiako Gaztelu aretoa hartuko dute asteburuan

Aitor Errazkin 2023ko urr. 26a, 17:38

Hendaiako Metal'O'Ween jaialdia nabarmen hazi eta aberastu da azken urteotan. Eta aurten bide beretik jarraitzeko asmoarekin antolatu du Lanetik Egina elkarteak, urriaren 27tik 29ra hiru eguneko jaialdia Gaztelu aretoan.

Metal musikazaleek hamabi talde ikusi ahalko dituzte Hendaian zuzenean. Ostiralean arratsaldeko 19:30etan, Aephanemer, Bones Of Minerva, Kimule eta Fistule bandek girotuko dute gaua. Larunbatean arratsaldeko 16:30etan, berriz, Incursed, Ancient Settlers, Nature Morte, Montagne, Nothing Remains eta La Fin de la Société taldeek joko dute. Eta eskaintza borobiltzeko, igandean arratsaldeko 19.30etan, The Great Old Ones eta Infero Lasta banden txanda izango da, eta The Call of Chtulhu filma proiektatuko dute.

Johan Breton, Lanetik Egina elkarteko kidea eta Metal'O'Ween jaialdiko antolatzailearekin hitzegin dugu. Aipatu digunez, urtetik-urtera hegoaldeko ikusle gehiago biltzen ditu festibalak. Eta aurten Hendaiako talderik ez badago ere, Ipar Euskal Herriko zenbait presente izango dira. Metal musika “gogorra” denik ukatzen du berak, “ez da batere horrela, metal estilo asko badira, eta gure festibala horren irudiko da, pixkat denetarik ekartzen saiatzen gara”, aipatu digu.

Hiru egunetarako 44 eurotan, eta bi egun ala egun bakarreko txartelak ere badaude. Lanetik Egina elkartearen sare sozialetan topatuko dituzute xehetasunak.