Intzura eskolan ttipitatik frantsesa ongi ikas dezaten kulturaniztasun proiektua abian jarri dute

Antxeta Irratia 2023ko urr. 25a, 19:56

Intzura eskola publikoak duen kulturaniztasun handia integratzeko, eta Lehen Mailara arazorik gabe pasa ahal izateko frantsesa ondo ikas dezaten NEFLE proiektua garatzeko ia 24.000€ko laguntza jaso dute.

Iragan astean Anne Bisagni-Faure Akitania Berriko Eskualde errektoreak Intzura auzoko Robert Boulaert eskolan izan da NEFLE baliabidea onartua izan baitzaio eskola publiko honi. «Notre École, faisons-la ensemble» (Gure eskola elkarrekin egin dezagun) ekimenak, kulturaniztasun handia duen eskola izanik, frantsesa ondo ikasi eta eskolan arrakasta maila emendatzeko xedea duen proiektua da. Eta hau garatzeko 23.980€ko dirulaguntza bideratu dute Hezkuntza Ministerioak. Proiektua 2024ko urtarrileko eskola sartzean hasiko dute, eguberritako oporren ondotik.

Bereziki frantses hizkuntzaren ikaskuntzaren gainean aritzen den Ikerketa, Garapen, Berrikuntza eta Esperimentaziorako Akademia Batzordearekin loturiko proiektua da. Eta Hendaiako eskola publiko zenbaitzuetan frankofono kopuru apala aintzat hartu dute proiektua bertan garatzeko. Hala, ttipi-ttipien sailean ikasgela bakarra egitea da asmoa. Bi urtetik goitiko haurren harrerak hizkuntzaren ikasketaren gaineko lanarekin jarraitzeko aukera emanen du, Lehen Mailara zailtasunik gabe iragan daitezen. Frantses hizkuntza ongi ikasteko 4 urte eskainiz erdietsi ahalko da helburu hori.

Horretarako, haurrekin ez ezik, gurasoek ere pedagogia lantegietan eta irakasleek gidaturiko ikastaldi zenbaitetan parte hartuko dute.Senideek erabili ahalko duten ludoteka bat sortzeak ere lagunduko du.