Palestinako gatazka

«Palestina nondik-nora» hitzaldia izanen da Baleak elkartean ostegunean Tamer Birawirekin

Aimar Lopez 2023ko urr. 31a, 11:08

Palestinako egoerari buruzko hitzaldia antolatu du ostegunerako Hendaiako Baleak elkarteak. Gaza eta Israelen arteko gerla hasi zenetik hilabete beteko den honetan, Tamer Birawi palestinar euskalduna gonbidatu dute, lehen eskuko informazioa emateko.

Gaurko egunez, urriaren 31n, 8.306 dira Gazan Israelek hildakoak, eta 21.000 zaurituak. Israelen berriz, 1.400 dira hildakoak. Gau eta egunez etengabeko erasopean da Gaza, eta Zisjordaniara ere zabaldu da gerla azken astean, bertan jadanik 120 hildakotik gora direlarik. Su-eten eskaera herrikoi eta instituzionalek eragin gutxi dute Israelgo eskuin-muturreko gobernuarengan, eskaera gero eta zabalagoak izan arren.

Tamer Birawi Palestinan jaio zen, baina azken bi hamarkadatan Europan bizi da, Euskal Herrian barne. Mendebaldeko herritarren eta politikarien artean dagoen “kontraerran handia” aipatu du, instituzioak Israelen alde dauden arren, herritarrak “justiziaren eta Palestinaren alde” daudela erranez.

Hendaiako Baleak elkartean izanen da Birawi, azaroaren 2an ostegunez, arratsaldeko 18.30tatik aurrera. Hitzaldiaren ondotik, Palestina sostengatzeko zintzur bustitzea izanen da.