Irandatz igerilekuari azken agurra emateko gaualdia gibelatu egin dute

Antxeta Irratia 2023ko aza. 10a, 15:55

Hendaiako Irandatz igerilekuaren argazki oroigarria egiteko, eta azken agurra emateko "Azken Pulunpa Musikala" gaualdia astelehenean ospatuko dute. Urte bukaeran 44 urteko eraikin enblematikoa eraitsi eta 11 milioi euroko piszina berria eraikitzen hasiko dira 2024 urte hastapenean. 

Hendaiako Irandatz igerileku zaharrari azken agurra emateko gaualdia azaroaren 13ra (18:00tan) gibelatu behar izan du herriko etxeak eguraldi txarragatik. Ostiral honetan ospatzea aurreikusten zuten gaualdia, jakinik 1969an estreinatutako "Tournesol" diseinuko piszina zaharra urte bukaera honetan eraitsi egingo dutela. Hilabeteak daramatza itxita, kloro isurien ondorioz osasunerako arriskuak direla eta. Hendaiako herriko etxeak 2024an ekingo dio igerileku modernoago baten eraikuntza proiektuari.

11 Joko Olinpikoen arteko bi igerileku proiektu

Orotara 11 milioi euro inguruko inbestizamendua egingo dute udalak eta departamenduak, eta horietatik miliun euro bat Frantziako estatuak ere bideratuko du, Pariseko 2024ko Joko Olinpikoen karietara kirol instalazioen hobetzeko bideratu duen funtsatik diruztatua izanen baita.

Hala, joko olinpikoek zeresan handia dute Hendaiako igerileku publikoen historian. Izan ere, 1968ko Joko Olinpikoetan Frantziak igeriketan izandako emaitza txarren ondotik, eta uda hartan frantses estatu osoko hondartza, aintzira eta piszinetan itotako herritar kopurua ikusirik, "igeriketa demokratizatzeko" abian jarritako Plan Nazionalaren parte da igerilekua. Gobernuak 1.000 igerileku eraikitzeko proiektua martxan jarri zuen, eta "Tournesol" diseinua izan zen antolatutako diseinu lehiaketaren irabazlea, modernoa, eraikitzen erraza eta merkea zelako. Gerora, halako 800 bat baizik ez ziren eraiki frantses estatu osoan. Eta Hendaiako da zutik irauten duen horietarik azkenetakoa. 

Irandatz jauregiaren lurretan eraikita, 44 urte ondotik zaharkitua geratu bada ere, garai haietan sabaia zabaldu zezakeen diseinu moderno bati esker, ikur bilakatu zen eskualdean. Eta hendaiar belaunaldi anitz ez ezik, Irunen eta Hondarribian Artaleku edota Ondartza kiroldegiak eraiki baino lehen, neguan igeriketa ikasteko erreferentziazko instalazioa izan zen urte luzetan mugaz bestaldeko bidasotarrendako ere.

Azken Pulunpa Musikala eta argazki oroigarria

Hau guztia kontuan hartuta, "Azken Pulunpa Musikala" jaialdia antolatu du herriko etxeak, instalazio enblematiko honi azken agur beroa eman nahian. Aro txarra dela eta gibelatu bada ere, azaroaren 13an 18:00etatik goiti, urririk eta erreserbarik egin gabe besta ospatuko dute. 

Urririk eta erreserbarik gabe hurbilduko den orok besta une goxo bat gozatu ahal izanen du 20:30ak arte, DJ Raksax eta DJ Pondamicek (Le bal du Samedi Soir) eskainiko duten musikarekin. Igerilekua apainduta eta argiztatuta egongo da, eta bertara hurbilduko diren Hendaiarrak igerilekuaren argazki-oroigarri batekin itzuliko dira etxera. Baldintza onenetan hurbiltzeko aukera eman nahian, aparkalekua publikoari irekia izanen da.

Informazio gehiago nahi izanez gero: mendizolan@hendaye.com helbidean edo 05 59 48 30 49 telefonoan.