Igeriketa demokratizatu zuen Irandatz piszinari azken agurra eman diote hendaiar belaunaldi desberdinek

Antxeta Irratia 2023ko aza. 14a, 14:41

1969an estreinatutako eraikin enblematikoari azken agurra emateko herriko etxeak antolatu "Azken Pulunpa Musikala" kari, eraikinaren ikur izan den sabaia zabalduta, eta argiztapen bereziarekin, azken argazki oroigarria egin ahal izan zuten bertaratutako hendaiarrek. 

DJ musikaz animaturik, azken agur malenkoniatsua eman zioten ehunka hendaiarrek atzo, 44 urtez herriaren ikurretako bati. Hendaiako Irandatz igerileku zaharrari azken agurra emateko gaualdian azken argazki oroigarria egin ahal izan dute hendaiarrek, aurki eraitsia izan aitzin. 

1969an estreinatutako "Tournesol" diseinuko piszina zaharra urte bukaera honetan eraitsi egingo dute. Hilabeteak daramatza itxita, kloro isurien ondorioz osasunerako arriskuak direla eta. Hendaiako herriko etxeak 2024an ekingo dio igerileku modernoago baten eraikuntza proiektuari. Eta orotara 11 milioi euro inguruko inbestizamendua egingo dute udalak eta departamenduak. Horietarik miliun euro bat Frantziako estatuak ere bideratuko du, Pariseko 2024ko Joko Olinpikoen karietara kirol instalazioen hobetzeko bideratu duen funtsatik diruztatua izanen baita. Eta lanak probestuko dituzte Irandatz kolegioa, Gure Ikastola eta igerileku berria berotuko duen sistema ekologikoagoa instalatzeko. 

Historia pixka bat

1968ko Joko Olinpikoetan Frantziak igeriketan izandako emaitza txarren ondotik, eta uda hartan frantses estatu osoko hondartza, aintzira eta piszinetan itotako herritar kopurua ikusirik, "igeriketa demokratizatzeko" abian jarritako Plan Nazionalaren parte da igerilekua. Gobernuak 1.000 igerileku eraikitzeko proiektua martxan jarri zuen, eta "Tournesol" diseinua izan zen antolatutako diseinu lehiaketaren irabazlea, modernoa, eraikitzen erraza eta merkea zelako. Gerora, halako 800 bat baizik ez ziren eraiki frantses estatu osoan. Eta Hendaiako da zutik irauten duen horietarik azkenetakoa. 

Irandatz jauregiaren lurretan eraikita, 44 urte ondotik zaharkitua geratu bada ere, garai haietan sabaia zabaldu zezakeen diseinu moderno bati esker, ikur bilakatu zen eskualdean. Eta hendaiar belaunaldi anitz ez ezik, Irunen eta Hondarribian Artaleku edota Ondartza kiroldegiak eraiki baino lehen, neguan igeriketa ikasteko erreferentziazko instalazioa izan zen urte luzetan mugaz bestaldeko bidasotarrendako ere.