Hendaian kokatutako "Azken etxea" eleberriaz topaketa antolatu dute Arantxa Urretabizkaiarekin

Antxeta Irratia 2023ko aza. 20a, 23:14

Hendaiako `La Grande Illusion´ liburudendak Arantxa Urretabizkaia gonbidatu du azaroaren 22an (11:00) "Azken Etxea" liburuaren aurkeztera. 2023ko Euskadi Sarietan Euskarazko Literatura sariaren irabazlearekin topaketa ate zabalik izango da.

Arantxa Urretabizkaia Hendaian izango da asteazken honetan "Azken etxea" (Pamiela argitaletxea) bere azken lanaz nahi duen ororekin solastatzeko. Giza harremanak eta bizi ibilbideak aztertzen dituen zahartzaroari begirako lana da 2023ko Euskadi Sarietan Euskarazko Literatura saria eskuratu duen nobela. Eta Hendaia oso presente duen istorioa kondatzen digu.

Izan ere, protagonista bere azken etxea izango den hori lortzean tematuta, Hendaian ikusi duen etxe batekin obsesionatzen da. Suspentsea duen eleberria izanik, imaginario kolektiboan eraiki ditugun estereotipoak topatuko ditugu bertan. 

Mementuko, dagoeneko irakurri duenak zein irakurgaien zerrendan markatua duenak ere, aukera paregabea izango du Hendaian Aintzane Lasartek antolatutako topaketa honi esker, Arantxa Urretabizkaiarekin mintzatu eta liburua sinatzeko ere.