Imanol Espinazo - Artista hendaiarra

«Euskararen bidaian urrun iristeko, Dortoka proiektuarekin mantso eta plazera hartuz hitz egiteko arnasgunea sortu nahi dut»

Koldo Nausia 2023ko aza. 23a, 15:22

Dortoka 1.0 irratsaio esperimentalaren proba pilotoa egingo dute Hendaiako Boderline Fabrikan larunbatean (19:00etan), Euskararen Urtaroaren baitan. Imanol Espinazo artistak eta bere Des Vents et Marées konpainiak, euskara ikasten ari diren guztiek ulertzeko moduko arnasgunea sortu nahi dute. 

Hendaian bizi den Imanol Espinazo artista euskaldun berria da. Euskara ikasteko egiten ari den bidaiaz hausnartu eta gero, Euskal Herrian bere egoera berean aurkitzen diren milaka lagun daudela ohartu da. «Jende pila gara, basamortuan bezala sentitzen garela, jendearekin gaude baina euskara erdipurdi ulertzen dugunez, isolatuak sentitzen garela», azaltzen du. Izan ere, bere ustetan «euskaldunok baino, akatsdunok gara». Eta euskaldun zahar askoren artean ere identifikatu du konplexu berbera. Beti topa dezakegulako euskaraz hobeto egiten duena parean.

Hanka-sartzeen beldur, beste euskaldunen aurrean txikitu egiten dela aipatu digu, eta epaitua sentitzen da etengabe. «Nire burua epaitzen dut beti, baina gizarte osoak epaitzen dizu, euskara polita edo euskara ona ez dela, baina, azken batean, euskara da eta kitto!”, aldarrikatzen du.

Euskara hartu eta eman egiten denez, aitortzen du gutxieneko maila eskuratuta, hizketaldien abiadura dela arazorik handiena ikasten ari denarentzat. «Euskaltegiko irakasleei ulertzen diet, zer dira martzianoak? Ba, ez, mantsoago hitz egiten dute besterik ez», dio hortik kanpora aldiz «zerbait interesgarria euskaraz entzun nahi dudanean, irratia piztu eta azkenean galduta itzali egiten dut». Gaur egungo gizartearen abiadura azkarra dela ulertzen du, baina horregatik guztiagatik, euskaldun guztiok elkar ulertzeko moduan hitz egiteko topagune bat sortu nahi du.

Dortoka Komunitatea

Des Vents et Marées kultur konpainiaren eskutik, Imanol Espinazok Dortoka 1.0 irratsaioa (podcast) sortzea erabaki du. Hendaiako tren geltokian dagoen Borderline Fabrikan egingo dute aurreneko saioa "proba pilotoa" azaroaren 25ean, 19:00etatik aurrera. Eta bertatik zuzenean jarraitu dezake nahi duen orok. Esperimentu honekin patxaraz mintzatu eta partekatzeko abagunea izan nahi duen esperimentuari abiada emango dio. «Helburua da, dortokak bezala mantso, poliki, baina urrun heltzea euskaraz, eta plazerra hartuz», azpimarratu du Espinazok.

Izan ere, bere ustez garrantzitsua da ere, irratsaioaren edukia. «Irratsaioaren hari gorria euskara ikasten ari direnen errealitatea da, baina gai interesgarrietaz denok elkar ulertzeko moduan hitz egitea da, mantso mintzatuz», argitu du. Zentzu horretan, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte gonbidatu dute mugaz eta migratzaileei buruz aritzeko. Aranzadi zientzi elkarteko ornitologa batek ere parte hartuko du eskualdeko hegazti migratorioez hitz egiteko, eta Borderline Fabrikan sortu berri duten Death Café ekimenaz ere. Hilean behin doluaz eta heriotzari buruz tabuak apurtzeko eztabaidagune irekia sortu baitute.

Irratsaioa gogoetarako gonbidapena izan nahi du beraz. Ander Fernandez izango da teknikan eta berak egin du erreportaia honetan entzun daitekeen elkarrizketaren sintonia ere. Eta Hendaiako AEKko irakasle Rubenek lagundu die arlo pedagogikoan. Eta Hendaiari lotutako gaietaz ariko diren moduan, bertako euskarari buruz ere ariko direla iragarri du. Ondo aterako bada, herriz-herri Dortoka podcasta egitea edo proposatzea pentsatu baitute. Azaldu digunez, «herri bakoitzak bere errealitatea eta berezitasunak ditu, eta aipagaiak ere tokian-tokikora egokituta, euskalki desberdinak barneratuz ere herri guztietan kabida du». Denetan dagoelako euskara ikasteko bidaia egiten ari den jendea, bere egoera berean. Euskaraz egin nahi duena, baina motel eta prisak baztertuta.